Kulturak ezagutzeko eta probatzeko aukera izan dute Lekeition
Txina, Paraguai, Mexiko, Kuba, Maroko, Italia, Andaluzia, Katalunia, Asturias eta Euskal Herriko kulturak ezagutarazi dira jarritako postuetan. Kultura horietako jana eta edana ez dira falta izan jaian.
Senegalgo postuan lanean aritu direnak antolatzaileekin batera.Naia Laka Arrizubieta Euskara eta Kulturartekotasun Astea agurtzeko eguna heldu zaio Lekeitioko herriari, eta Azkue Ikastolak egitarau beteko jaia antolatu du gaur herritarrentzako. Eguzki goxoaren pean herriko plaza bete dute lekeitiarrek eta ingurukoek, herri desberdinetako kulturak ezagutzeko eta probatzeko asmoz.
Goizean goizetik hasi dira jaia prestatzen. 9:00etan herrien postuak muntatzeko deia izan dute, eta berehala prestatu dituzte postu guztiak kultura bakoitzeko apaingarri, jaki eta jokoekin. Hamar herriren postuak muntatu dira: Txina, Paraguai, Mexiko, Kuba, Maroko, Italia, Andaluzia, Katalunia, Asturias eta Euskal Herria.
11:00etan gazteenen txanda izan da, muntatutako jokoetan parte hartzeko, aurpegiak margotzeko, maskarak egiteko, eta mahai jolasetan eta herri kiroletan aritzeko aukera izan dute Haur Hezkuntzako ikasleek. 11:30etan pintxoak jateko modua izan dute hurbildutako guztiek, ordezkatu diren herrietako zaporeak dastatuz. 12:00etan, Lehen Hezkuntzako ikasleek hartu dute jolaserako txanda, eta hainbat ekintza burutu dituzte jokoak probatuz.
Azkenik, 13:30etan pintxo lehiaketa ere antolatu dute eta postuetan prestatutako jakiak balioan jarri dituzte. Jaki guztiak probatuta, Kubako postuko Claritza eta Elines izan dira irabazle, eurek prestatutako mokadua onena izendatuta. Postuak aurkezteko modua eta erabilitako estetika ere garrantzitsua izan da gaurkoan, eta horien apainketa ere saritu nahi izan dute antolatzaileek. Hala, apainketa onenaren saria eman diote Senegalgo postuari. Hurbildutako herritarrengan Senegalgo herria ezagutarazteko erabili dituzten argazki, irudi eta mapek arreta berezia sortu duela adierazi dute antolatzaileek.
Antolatzaileek giroa “primerakoa” izan dela aipatu dute, eta baita jaia “oso arrakastatsua” izan dela ere, kultura desberdinetako jakiek zein jokoek herritarrengan interesa piztu dutela ikusi dute.