Nahia Ibarzabal Gisasola eta Ibon Badiola Lersundi izan dira azkarrenak Mutrikun
68 korrikalarik osatu dute 23. Herri Krosaren hamar kilometroko ibilbidea eta antolatzaileek mutrikuar "askok" parte hartu dutela nabarmendu dute.
Lea-Artibaiko korrikalariak nagusitu dira Mutrikuko krosean.Naia Laka Arrizubieta Eguraldi ederrak lagundu du gaur Mutrikun eta 23. Herri Krosa giro ederrean egin da goizetik eguerdira bitartean. Talaixako Triatloi Klubak antolatutako proban, lasterkariek Goiko Plazan izan dute bai irteera eta baita helmuga ere. Hasteko, 10:45etan gaztetxoenek egin dute korrika lau kilometrotako ibilbidea osatuz herri inguruan. Ondoren, 11:45etan 14 urtetik gorako 68 korrikalariek hamar kilometro burutu dituzte Mutriku eta Deba bitarteko ibilbidean.
Sailkapen orokorrean, Ibon Badiola Lersundi ondarrutarra izan da Goiko Plazako helmugara heltzen lehena, eta gizonezkoen kategorian txapeldun bihurtu da lasterketa 32 minutu eta 27 segundotan burututa, iazko Koldo Ayesta Zaballa laudioarraren denbora 41 segundotan hobetuta. Berori izan da helmugaratzen bigarrena gizonezkoetan, eta aurten 34 minutu eta 22 segundo behar izan ditu hamar kilometroan egiteko. Hirugarren postua eskuratu du Alberto Arberas Agirrebeña elgoibartarra, 34 minutu eta 48 segundoko denboragaz.
Emakumezkoetan, Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarrak lortu du txapela ibilbidea 43 minutu eta 26 segundutan eginda. Bigarren denborarik onena Ane Ziaran Laskurain debatarrak lortu du lanak 44 minutu eta 42 segunduko denboran amaituta eta Larraitz Torrontegui Roo ondarrutarrak 45 minutu eta 2 segundu behar izan ditu hirugarren postua eskuratzeko.
Herriko korrikalariei dagokionez, Mertxe Mendibe Lazaro izan da helmugara heldu den lehen emakume mutrikuarra 50 minutu eta 59 segundoko denboran, eta Asier Arrieta Badiola gailendu da gizonezkoetan 37 minutu eta 34 segundugaz.
Beteranoen kategorian, Elena Beristain Artetxe zarauztarra izan da emakumezkoetan azkarrena 46 minutu eta 27 segunduko denboragaz eta gizonezkoetan Urtzi Martinez Saez plentziarra 38 minutu eta 51 segundogaz. Gazteetan berriz, emakumezkoen artean Naia Marrero Iriondo mutrikuarrak 53 minutu eta 51 segundu behar izan ditu azkarrena izateko, eta Adur Flores Pratek 53 minutu eta 43 segundu gizonezkoetan.
Antolatzaileek herrian giro ederra sortu dela adierazi dute eta ez dela inongo arazorik edo gertakaririk egon lasterketak iraun duen bitartean. Mutrikuar askok parte hartu dutela nabarmendu dute, eta aipamena egin nahi izan dute aurten 14-16 urte bitarteko gazteek lehendabizikoz hamar kilometroko lasterketa egin dutela, orain arte lau kilometrokoa egin baitute. Horregatik, gazteen “meritua” aitortu nahi izan dute.