Lekitto Bixirik Herri Krosak 'arnasguneak bizirik' behar direla aldarrikatu du
Parte hartzea gero eta handiagoa dela jakinarazi du Amandarri Triatloi taldeak. Aurtengo nagusien lasterketan Alaitz Kortabitarte Uskola eta Mikel Arrasate Larrea izan dira txapeldun.
Portuan eman zioten hasiera lasterketari.Amandarri Triatloi Kluba Lekitto Bixirik Herri Krosak 23. ekitaldia egin zuen domekan, ohi bezala, Amandarri Triatloi Klubak antolatuta. Aurten Arnasguneak bixirik! leloa erabili zuten, Euskara eta Kulturartekotasun Astearen barruan Lekeitioko euskararen egoera salatzeko.
Oso balantze positiboa egin zuten Amandarritik: “Umeentzako 170 domina egin genituen, eta bi besterik ez dira soberan gelditu”. Beraz, 168 umek parte hartu zuten. Nagusietan, berriz, 185 lagunek egin zuten korrika. “Eguraldiak lagundu du, giroak lagundu du, Lekeitiok euskara behar duela aldarrikatu dugu, eta oso gustura gelditu gara. Jendea ere pozik ibili da. Urtetik urtera jende gehiago animatzen da, urtetik urtera emakume gehiagok egiten dute korrika, eta urtetik urtera aldarrikatzen duguna mamitu egiten da; beraz, poz-pozik gaude”.
Goizeko lehenengo hiru lasterketetan umeak izan ziren protagonista. 11:00etan Haur Hezkuntzako umeek egin zuten korrika, 11:15ean Lehen Hezkuntzako lehen hiru mailetako ikasleek eta 11:30ean beste hiru mailetako ikasleek. 12:30ean heldu zitzaien izena emandako 185 korrikalariei 5 kilometro eta erdi egiteko unea.
Emakumezkoetan iaz bigarren postuan geratu zen Alaitz Kortabitarte Uskola izan zen bizkorrena, 21 minutu eta 29 segundogaz iazko denbora 45 segundotan hobetuta. Bigarrena iazko irabazle Klaudia Erkiaga Garcia izan zen. Amaia Uskola Ibarluzea sailkatu zen hirugarren. Gizonezkoetan, aldiz, Mikel Arrasate Larreak garaipena errepikatu zuen, ibilbidea 17 minutu eta 5 segundotan burututa. Hark ere iazko denbora hobetu zuen, 5 segundo gutxiagotan amaituta. Aner Larreategi Erkiaga eta Patrik Saitua Betanzos izan ziren, hurrenez hurren, bigarrena eta hirugarrena.