Jose Pablo Arriagak ‘Lau Teila’ dokumentala aurkeztuko du
Eguenean [azaroak 5] egingo dute proiekzioa, 17:30ean, Markina-Xemeingo Esperantza aretoan.
Bizkaia belaontziaren gainean hasi zuen iaz Jose Pablo Arriagak Lau teila proiektua. Mutrikuko portutik abiatu eta Martinikara (Karibe) egin zuen 8.500 itsas miliako bidaia; bakarka hasi eta familiaren laguntzagaz amaitu zuena. Mutrikura itzuli eta Arriagak esperientzia hori ikus-entzunezko pieza baten betikotzeko lana egin du. Orain, artistak dokumentala aurkeztuko du Markina-Xemeingo Esperantza Aretoan. Eguenean [azaroak 5] 18:30ean hasiko da ikus-etzunezkoaren proiekzioa, eta amaitzean, Arriagak solasaldia eskainiko du bizi izan duen esperientzia ikus-entzuleei azaltzeko.
Nabigazioa, familiagaz bizitako esperientziak, beste kultura batzuekiko topaketak eta sorkuntza artistikoa uztartu zituen bidaia hark. Proiektuaren abiapuntua «euskal baleazaleen oroitzapena» da. Azaldu duenez, Ternuara zihoazenean, teilak eramaten zituzten lasta gisa. Arriagak, bere bidaian, egurrezko teilak leku batetik bestera eraman eta hainbat lekutan utzi zituen, «topaketaren eta presentziaren aztarna sinboliko gisa».