Perretxiko bila atera dira, Lekeitioko Denboraren Bankuaren ekimenez
Lekeitio Lagunkoiak eta Lekitto Bedarrak lagunduta, 20 lagunek perretxikoei buruzko ezagutzak hartu eta otzarak betetzeko aukera eduki dute, Julian Arrateren gidaritzapean.
Udazkena perretxikoak batzeko garaia da askorentzat, eta “sasoian sasoikoa” aldarrikatuz, Lekeitioko Denbora Bankua egitasmotik perretxikoei buruz gehiago jakiteko irteera antolatu zuten zapatuan [urriak 31], Lekeitio Lagunkoiaren eta Lekitto Bedarraren laguntzagaz.
Herritar guztiei zabaldutako ekintza izan zen, eta interes handia sortu zuen. 20 lagunek eduki zuten irteeragaz gozatzeko aukera. Irteeran parte hartu zutenak lekeitiarrak zein kanpokoak izan ziren, eta gehienentzako perretxikoen mundua oso ezezaguna zen: “Lehen aldia zuten perretxiko bila ateratzen zirena”.
Irteera Magdalena ermitan hasi zuten, eta inguruko ondareari buruzko azalpenak jaso zituzten Julian Arrate gidarengandik; beste batzuen artean, Arropaingo Arraguari, Mendieta ontziolari eta Benta Zaharrari buruz. Jarraian, perretxikoen ezaugarriak azaldu zituen eta, basora perretxiko bila joanez gero, ingurua zaintzeko aholkuak jaso zituzten parte hartzaileek.
Mendexara bidean, basorik baso eta eguraldi ederra lagun, ibilbidea egin zuten perretxiko bila. Azaldutako hiru perretxiko mota aurkitu zituzten zehazki: onddo zuriak, esnegorriak eta zizahoriak. Otzara bi bete zituzten, eta bilaketaren ondoren, hamaiketako baten bueltan amaitu zuten, lortutakoagaz “pozik”. Ondoren, Lekeitiora bueltako ibilaldiagaz amaitu zuten jarduera. Irteerari buruz egindako inkestaren arabera, balorazio oso ona egin zuten parte hartzaile guztiek.