Mutrikuko Gaztetxeak 25 urteko ibilbidea du ospatzeko
Azaro osoa hartuko duen egitaraua prestatu du Mutrikuko Gaztetxeak 25. urteurrenari merezi duen lekua egiteko. Azaroaren 21eko jaialdia izango da hilabeteko egun seinalatuena, egun osoko egitarauarekin.
Hilabete esanguratsua da azaroa mutrikuarrentzat, eta batez ere, bertako gazteentzat, herrian topaleku duten Gaztetxeak 25 urte betetzen dituen honetan. Eta mende laurdenari ongietorria emateko, hilabete osoko ekintzak prestatu dituzte, gustu guztiak asebetetzeko.
“Gaztetxea mende laurden bizirik mantentzea ez da edozer gauza; esku askok jardun dute etenik gabe proiektua zutik eusten. Urteurrenak horretarako balio du: gogoratzeko gu hemen gaudela, gure aurretik beste batzuk egon zirelako”, adierazi dute gaztetxetik.
Bariku honetan [azaroak 6] bakarrizketak izango dituzte Manex Astigarraga, Julen Pagazaurtundua eta Maria Blancoren jardunarekin. Domekan [azaroak 8] Hau zulo hontan dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Aldarrikapenez aldarrikapen, azaroaren 11n, greba orokorrerako deia egingo dute, Etxebizitzian negoziuan aurka: greba orokorra leloari eutsiz, eta azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako deia zabalduko dut. Azaroaren 28an itxiko dute egitaraua, idazketa tailerrarekin.
Azaroaren 21a izango da 25. urteurreneko jaialdi handia: Belaunaldien arteko harremanak estutzeko eta ilusioz betetzeko eguna izateko esperantzan, egun osoko festa egingo dute. Goizetik hasiko dute jaia triki poteoarekin, jarraian denek elkar hartuta bazkaria egingo dute, arratsaldean elektrotxarangak girotuko du jaia eta kontzertuek osatuko dute eguna. Tapia eta Leturia band, Chala Rasta, Xiberoots eta Kumbialari taldeak ariko dira, eta DJ Farrukitasek itxiko du jaialdia Gaztetxean.
Jaialdirako sarrerak salgai dituzte herriko Loretxu, Txirlatxo eta Zubiaram tabernetan eta Ondarruko Anaitasuna tabernan, 688 606 657 telefonoz, @mutrikukogaztetxia Instagram kontuan edota entradium.com webgunean. Bazkaria eta kontzerturako txartelak 30 euroan dituzte, eta kontzertuetara soilik joan nahi dutenek, 18 euroan.
Gaztetxetik egun berezia izatea nahi dute, mutrikuar guztientzat eta baita inguruko herritarrentzat ere, eta jaiaz gozatzeko deia zabaldu dute. “Horrelako jaialdi batek aisialdia eskaintzeaz gain, gaztetxeek herrientzako zein beharrezkoak diren argitara ekartzen du. Beraz, etorri Mutrikura mende laurdena gurekin ospatzera!”.
Gaztetxeak herrian duen garrantzia eta eragina ere azpimarratu nahi dute: “Gazteon batzeko eta antolatzeko gune izateaz gain, herriari ekimen kulturalak zein sozial edo politikoak eskaini dio azken urteetan, eta hala izaten jarraitzea espero dugu, berotasuna sentitzen baitugu askotan”.