Euskal komedian murgilduko da Mendexa, 'Agur Ben-hur' antzerkiagaz
Miren Gojenola eta Iratxe Urkiagaren ikuskizunak Mendexako Udaleko ganbara hartuko du zapatuan [azaroak 7], 19:00etan. Kuadrillen kontuak dira antzezlanaren ardatza, eta, horrenbestez, adin guztietako lagun taldeei ikuskizunaz gozatzeko deia egin diete aktoreek.
Zapatu honetan [azaroak 7] umorea eta entretenimendua ez dira faltako Mendexako Udaleko ganbaran, Miren Gojenola eta Iratxe Urkiaga aktoreen eskutik. Agur Ben-hur antzerkia estreinatuko dute 19:00etan. Kuadrilla bateko bi lagun dira Gojenola eta Urkiaga, eta kokoteraino daudenez, kuadrillari “agur ben-hur” esatea erabakitzen dute.
Kuadrillen kontuak erdigunean egonda, adin guztietako lagun taldeei ikuskizunaz gozatzera joan daitezen dei egin diete aktoreek, kontakizun askogaz bat etorriko direla ziurtatuz. «Denak identifikatuta sentituko dira, guk esaten ditugun gauzak momenturen baten bizi izan baitituzte. Kuadrillen inguruan denok egin izan dugu berba, eta askori pasatu zaizkigun istorioak ikusiko dituzte. Askotan ez da erraza gauzak ahotan jartzea, baina umoretik bada, hobeto esaten dira».
Momentu ona pasatzeko ikuskizuna dakarte, arina eta entretenitua, eta jendea indarberrituta irtengo den itxaropena daukate. Publikoaren esku hartzea ere ongietorria izango dela adierazi dute, eta ikuskizunaren amaieran ekarpenak egongo diren sentsazioa daukate, saioaren amaieran jendea “oso islatuta” sentituko dela uste baitute. Antzerkiagaz probak egitetik datoz, eta euren asmoa da Mendexan hasi eta herrietan zehar saio gehiago egitea: “Bilboko P6an egiten den Antzerki Arinen Jardunaldietatik gatoz, urritik aurrera Euskal Herritik mugitzen hasi nahi genuen, eta Mendexakoa izango da lehenengo saioa”.