Heriotza eta dolua izango dituzte mintzagai Aulestin
Hitzaldiz, proiekzioz eta ekintza kolektiboz osatu dute heriotza eta dolua lantzeko egitaraua. Domekan [azaroak 8], 20an eta abenduaren 11n batuko dira.
Gau Beltza inguratzen duten egunek heriotza mahaigaineratu izan dute beti, eta gizakiak, gizaki denetik, aurre egin behar izan dio. Errealitate hori sakontasunez lantzeko beharra ikusi du Aulestiko Hezkuntza Mahaiak. Urregarai eskola, San Blas pentsionisten eta hirugarren adineko pertsonen elkarteak, Urzabal guraso elkarteak eta Donpedazu eskola kontseiluak dolua erdigunean jartzeko ekintzak antolatu dituzte domekan hasi eta abenduaren 11ra arte.
Azaroan eta abenduan dolua, heriotza eta galera ulertzeko tailerrak egingo dituzte eskolako haurrekin. Gainera, hai horien inguruan hausnartzeko ipuinak, album ilustratuak eta liburuak izango dituzte esku artean. Haurreskolan ere, gaiaren lanketa egingo dute txikienei egokituta.
Herritarrei eskainitako lehen ekitaldia egingo dute azaroaren 8an: Maitasunaren arrastoa: maite ditugunak gogoan. Oroitu, sentitu, partekatu Gau Beltzeko tailerrean, ez daudenentzako mezuak idatzi zituzten zenbait euskarritan. Orain, ekintza kolektibo baten baitan, balio handiko pieza horiek leku berean batuko dituzte herritarrek. Arratsaldean, Aitatxo dokumentala proiektatuko dute; aita baten begiradatik seme baten galera azalduko duen ikus-entzunezkoa. Anakotz Lasarte Zangitu izango da bertan gaia sakonago landu ahal izateko.
Azaroaren 20an, Nere Erkiagak hitzaldia eskainiko du heriotzari «normaltasunez begiratzeko eta gure esku dauden erabakiak argitzen» ikasten laguntzeko. Kasu honetan ere, baliteke ekitaldi hori ez izatea doluan daudenentzat egokia. Abenduaren 11k hartuko du azken ekintza, izan ere, Julen Ansotegi aulestiarrak Heriotza Aulestin hitzaldia eskainiko du.