R.M. Azkue omenduko du Euskaltzaindiak, bere heriotzaren 75. urteurrenean
Euskaltzaindiak ekintza ugariko egitaraua aurkeztu du, Lekeitioko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Euskal Museoaren eta Laboral Kutxaren laguntzagaz. Ekintzak zapatuan [azaroak 7] hasiko dira, Lekeitioko R.M. Azkue kalean euskaltzainaren testuen herri irakurketagaz.
75. urteurreneko omenaldia aurkeztu dute Bilbon.Euskaltzaindia Azaroaren 9an 75 urte beteko dira Resurreccion Maria Azkue lehen euskaltzainburua zendu zenetik, eta Euskaltzaindiak lekeitiarra omenezko egitaraua prestatu du Lekeitioko Udalagaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz, Bilboko Euskal Museoagaz eta Laboral Kutxagaz elkarlanean. «Bere lana eta bizitza gogoratzeko» egitaraua izango dela azaldu zuten azaroaren 3an Bilbon egin zuten aurkezpenean.
Lekeitioko R.M. Azkue kalean hasiko dira zapatuan [azaroak 7] 12:00etan urteurren ekintzak, Nautika aurrean, Miren Agur Meabek prestatutako euskaltzainaren testuen herri irakurketa musikatuagaz. Irakurketa hainbat herritarrek egingo dute, Meabek berak, ikastetxeetako ikasleek eta elkarteetako kideek, besteak beste. Lekeitioko Udalak adierazi duenez, urteurreneko eguna [azaroak 9] astelehena izanik, zapatura pasatzea erabaki dute.
Urteurren egun horretan, Azkueren bizitza eta lan nagusiak jorratzen dituen erakusketa zabalduko dute Bilboko Euskal Museoan, 19:30ean. Erakusketa urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai, eta 2027ko udaberrian Lekeitiora eramango dute. Azaroaren 14an, 19:00etan, Bilboko Koral Elkarteak eta Lekeitioko Abesbatzak musika emanaldia eskainiko dute Euskal Museoan, Azkueren Euskal Kantutegi Herrikoia oinarri hartuta, eta hilaren 27an, 12:00etan, euskaltzainek Azkueren inguruko ageriko bilkura egingo dute, Bilboko Txistularien Bandagaz.
Lekeition, berriz, azaroaren 21ean, Azkueri buruzko hitzaldia eskainiko du Jabier Kaltzakortak, Azkue aretoan, 12:00etan. Abenduaren 19an, leku eta ordu berean, Andres Urrutiak hartuko du hitza, eta hitzaldiaren ondoren, Sabiño Madariaga eta Gotzon Loberak Azkueri lotutako Sustraia aldizkariaren berrargitalpenak aurkeztuko dituzte. Egun horretan bertan, 20:00etan, azaroaren 14an Euskal Museoan eskainitako musika emanaldia errepikatuko dute Lekeitioko Andra Mariaren Jasokundearen basilikan.
Lekeitioko Udalak Azkuek utzitako ondarea garrantzi handikoa dela eta “berak egindako lan guztiak Lekeitioko nortasunean ere zerikusia” duela nabarmendu du. Azkue omentzea euskarari beste bultzada bat emateko modua ere badela nabarmendu dute: “Berari esker iragana ezagutu dugu, baita euskarak horrenbeste lekutan nolako bilakaera izan duen ere. Izan ere, berak egiten zituen hiztegiak, gramatika, herri ipuinak, abestiak, ohiturak, baita ahozko ondarea bildu eta gero dena idatzi ere. Urrats sendoak eman zituen euskarak bere arauak eduki zitzan”.