Umorearen aterpe izango da Uhagon
Antton Telleria, Asier K eta Beñat Iturberen bakarrizketak ikusteko aukera egongo da. Sarrerak 7 euroren truke egongo dira eskuragarri. Bazkideentzat, aldiz, 5 euroren truke.
Ospakizunez betetako urteurrenean murgilduta dago Uhagon kulturgunea. Jai giroa eta kultura eskaintza ardatz duen bolada bete betean jarraitzeko hautua egin dute oraingoan ere, eta ekintza desberdin bat eskainiko dute asteburuan.
Umoreari leku berezia egin eta bakarrizketak antolatu dituzte domekarako. Nekatutak eta Ninini ikuskizunekin Euskal Herriko txoko guztietan bakarrizketan aritu da Antton Telleria, eta oraingoan ere, «zuzentasunaren mugak esploratzen» ariko da Markina-Xemeinen, Asier K eta Beñat Iturbegaz batera. «Bakarrizketen probaleku» izango den Uhagongo oholtzara igoko dira hirurak, euren testuak jende aurrean probatzeko.
19:00etatik aurrera egongo da bakarrizketak entzuteko aukera. Sarrerak, baina, 17:30etik aurrera jarriko dituzte salgai 7 euroren truke. Bazkideek, betiko legez, hobaria izango dute eta sarrerak 5 euroren truke eskuratu ahal izango dituzte.