Warhammer 40.000 jokatuko da Ispasterren bigarrenez
Warhammer 40.000 mahai-jokoa izango da protagonista asteburuan udalerriko probalekuan. Lehiaketa jokatuko da zazpi mahaitan, hamalau jokalarigaz, eta zortzigarren mahai bat egongo da probatu nahi duen edozein herritarrentzat.
Lekeitioko Warhammer Elkarteko kideak iazko ekitaldian.Lekeitioko Warhammer Elkartea Bigarren aldia izango da Warhammer 40.000 mahai jokoa Ispasterrera etorriko dena. Lekeitioko Warhammer Elkarteak Ispasterko Udalaren laguntzagaz, asteburu osoko ekitaldia antolatuko du herriko probalekuan, iazko toki berean. Zapatuan 10:00etatik 19:30era eta domekan 10:00etatik 13:30era egongo dira bertan, eta mahai joko lehiaketa bat antolatuko dute hamalau warhammer jokalarigaz. Guztira zortzi mahai jarriko dituzte, horietatik zazpi lehiakideek partidak jokatzeko prestatuko dira eta beste bat bertara hurbilduko diren herritarrentzako jarriko dute, mahai jokoan erabiltzen diren piezak margotu eta jokoa bera ere probatzeko. Lehiaketaren barruan, zapatu goizean partida bat jokatuko dute, arratsaldean beste bat eta domeka goizean, beste bat.
Aurtengo ekitaldian, aipatzekoa da Slowhammer izenagaz aurkeztuko dutela lehiaketa, mahai jokoak azken urteetan hartu duen lehiakortasun kutsua kentzeko asmoz eta jokalariek entretenimendurako eta gozamenerako soilik jokatu dezaten. “Oso giro lehiakorra dago lehiaketetan, eta guk horregaz apurtu nahi dugu. Lehiaketa hau jendea eguna pasatzera etortzeko asmoagaz diseinatu dugu, eta ez irabaztera etortzeko asmoagaz. Asko gaude jokoa modu horretan ulertzen dugunak”, azpimarratu du Unai Egia elkarteko kideak. Hala, ekitaldi amaieran sari banaketa egongo da, eta lehiaketako irabazleez gain, beste sari batzuk banatuko dituzte; besteak beste, margotutako gudaroste onenaren saria.
Elkartetik Ispasterko herritarrei pantailarik gabeko beste aisialdi mota bat eskaintzeko aukera dela ere nabarmendu dute. Egiak aurretik egindako ekitaldietan gertatutakoa gogoratu du. Gurasoek umeak orduak pantailarik gabe entretenituta egotea jarri izan dute balioan, eta halako entretenimendua gaur egun ez dela erraza aipatu ohi dute. Modu horretan, udalak elkarteagaz egin zuen berba bigarren ekitaldi bat antolatzeko.
Hartara, eta «mundu guztia» gonbidatu dute bertaratzera eta mahai jokoari buruz dituzten galdera eta zalantza guztiak argitzera, baina baita parte hartzera ere.