Ekaitz Herrera Azkarraga: "Idatzi duzunaren esklabo sentitzen zara, amaierara gerturatu ahala"
2025eko Augustin Zubikarai sariaren irabazleak 'Neguberria' eleberria argitaratu berri du bekari esker. Tokiko kazetaritza du lanbide, eta lehenengo eleberria du idazle modura.
Kazetariak bere lehen eleberria argitaratu du.Ekaitz Herrera Azkarraga Urteroko hitzordua izaten da Augustin Zubikarai Nobela sarien ekitaldia Kofradia Zaharrean, eta atzo bildu ziren hogeitaseigarrenez, aurtengo saritua jakinarazteko eta baita iazko sarituaren lana aurkezteko ere. Ekaitz Herrera Azkarraga abadiñoztarrak lortu zuen iazko beka, eta urtebete beranduago, egoera zaurgarri batean dagoen gizon heldu baten istorioa kontatzen duen Neguberriak nobela aurkeztu du bere proiektuaren emaitza moduan.
Nobelako protagonista 60 urteko Mattin da, eta bere bizipenak kontatzen ditu.
Jada adin bateko gizona da, eta lore saltzailea da bera. Azken urteetan loreak saltzen egin du beharra ospitale pareko loradendan, dendatxo batean. Baina negozioa txarto doala eta, beste erremediorik ez du ixtea baino, eta desesperazio puntu horregaz, zulotik irteteko eta dirua aurrezteko eta bizitzan aurrera egiteko, unibertsitate giroko pisukideen etxebizitza konpartitu batean sartuko da. Hain zuzen ere, bertan ezagutuko du beste pertsonaia bat pisukide bila dabilena, eta esan dezagun biek, unibertsitateko ikasleak eta Mattinek, match egingo dutela. Hori da pixka bat abiapuntua, Mattinen bizimodutik edo optikatik kontatutako istorio bat da, eta inguruan pertsonaia gehiago dabiltza.
Nobelako pertsonaien harremanak ardatz garrantzitsuak dira istorioan.
Esango nuke zentralitate handia dutela harremanek. Azkenean, dena zipriztintzen dute, eta harreman horiek ikusiko ditugu pisukideen artean. Laguntasuna ere ikusiko dugu; ez dakit gorrotoa den berba, baina harreman gaitzak ere ageri dira liburuan. Maitasuna ere ageri da…vmaitasunaz gainera, maitemina ere ageri da, eta maitemin falta ere bai. Beraz, harremanek zentralitatea dute, norbere barne mundua edo barne sentimenduak asko erakusten dituzte. Hortik ere asko dago, baina kontatzen dena ez da hausnarketa bat bakarrik, liburuan zehar ere badaude hausnarketak. Istorio bat da, ekintzak daude eta gertakariak daude.
Harremanekin batera sexualitatea ere oso presente dago.
Sexualitatea eta sexua oso presente daude. Esan dezagun, badaudela eszena pare bat beroak edo gordinak. Mimo eta sentikortasun handiko ezsenak ere badaude, eta hori dena ageri zaigu bai plano homosexualean eta baita plano heterosexualean ere.
Proiektua Ondar baten arre izenagaz aurkeztu zenuen eta gero Neguberria moduan argitaratu duzu. Hori pasadizo bat da?
Bai, apur bat anekdotikoa da. Augustin Zubikarai bekara aurkeztu nuen lagina, liburuan bertan dago ia-ia bere horretan, berba bat gorabeheran. Eta bestetik, bekara laginagaz batera aurkeztu nuen beste dokumentu hori dago. Asmoak edo nobelaren ezaugarriak aletzen nituen bertan, zer nahi nuen kontatu eta zelan, gutxi gorabehera ze bilakaera edukiko zuen, nahikoa fidela izan naiz horri, egia esanda. Baina liburua idatzi ahala, ikusten nuen tituluak berak indarra falta zuela edo ez zuela loturarik, eta azkenean Neguberriak asetu nau hitz joko modura. Halako bosgarren urtaroa edo neguaren loratze bat edo interpretatu daiteke horrela, neguaren eta udaberriaren arteko hibridazio batean. Gustatzen zitzaidan hitz bakar batean esatea.
Sormen prozesu horretan, zelan hartu duzu lehenengo nobela idazteko lana?
Erronka moduan. Izan ere, herri kazetaritzako langilea naiz eta, beraz, idatzi egunero eta asko egiten dugu, baina nobela bat idaztea beste zer edo zer da. Irudimena sartzen da, narrazioak beste kodigo batzuk eta beste arau batzuk ditu, eta nobela idatzi ahala ere nabaritzen dituzu zure barruan korapiloak. Zerotik hasterakoan eta nobelaren laurdena idazterakoan, libre zara, irudimenean dena baituzu eraikitzeko. Baina amaierara gerturatu ahala, bide horretan idatzi duzunaren esklabo ere sentitzen zara. Ezin duzu bat-bateko kolpekada eman eta pertsonaia edozein egoera edo eszenatokitara eraman. Prozesu horrek eskatzen dizu ondo pentsatzea, pauso bakoitza hausnartzea, koherentziaz jokatzea, koherentea izan dadin bai istorioa bera baina baita ere tonua, ez dezan galdu hasierako tonua amaieran edo irakurlearen arreta. Alde horretatik bai izan dela erronka, niretzako ariketa interesgarria izan da, lehenengoz egin dudana, eta pozik nago. Badira momentu batzuk zu zeu argiago zaudenak eta beste batzuk lau lerro ganoraz idazteko denbora asko kontsumitu behar duzunak. Baina prozesuaren parte dela uste dut, eta horrela egiten da bidea.
Urteak daramatzazu hedabideetan lanean, eta orain beste idazketa modu batean aritu zara.
Ez du zerikusirik tonu informatiboak, justu hemen literatura egiten duzulako. Agian momentu batzuetan tonu poetiko bat hartzen duzu, beste batzuetan ironia apurtxo bat, umorea ere bai, irakurlea hausnarketara bultzatzen duzu… guk egunerokotasunean erabiltzen ez ditugun beste ñabardura batzuk hartzen ditu testu prosak.
Informatzetik literatura idaztera salto egiteko pausoa eman eta Augustin Zubikarai beka irabazi zenuen. Nola hartu zenuen?
Oso pozik jakina, baina beste alde batetik halako harriduragaz. Lana aurkezten duzunean ez dakizu nor aurkezten den eta zer aurkezten den, eta zurea ere hor doa. Halako batean Xabier Mendigurenek deitu zidan, epaimahaia batuta zegoela, Ana Urkiza eta Leire Bilbaogaz, eta poza, harridura eta ardura ere sentitu nituen. Azkenean, eurek konfiantza ipintzen dute zugan, kasu honetan Ondarroako Udaleko dirua tarteko. Orduan, zeure buruari esaten diozu, «ezin dut edozer egin, zer edo zer ganorazkoa egin behar dut». Horrelako sariketa batera aurkezten naizen lehenengo aldia izan da, apur bat intuizioz baina segurtasun handirik barik; eta begiratu, ondo irten zen.
Idazle berrientzako halako bekak egoteak zuk uste dozu lagungarria dela?
Zalantza barik oso interesgarriak dira, bai Ondarroako Udalak egiten duena eta beste hainbat udalek egiten dutena. Iruditzen zait literaturara salto egin ala ez egin zalantzatan daudenei laguntza bat emateko era bat izan daitekeela, eta tranpolin bat eskaintzen du. Ikusita euskarazko literaturan dena behar dugula, idazle berrien halako harrobi bat sortzeko eta baita ere euskarazko sorkuntzaren mesedetan halako berme batzuk edukitzeko zoragarria direla horrelako bekak. Ez dut berba onik besterik Ondarroako Udalarenganako.