"Lau hormatik espazio seguru eta aske bat eraiki nahi dogu"
Duela hamar urte itxi zuten Etxebarriko gazteen topaleku zen gaztetxea. Gorabeheraz betetako bide luzea egin dute Gazte Asanbladako kideek, herriari gaztetxe bat emateko eta gazteak herrian mantentzeko. Jolasekin, bazkariagaz eta kontzertuekin osatu dute gaztetxearen irekiera jaia ospatzeko gaur eta biharko egitaraua. Gaztetxeak jasaten ari diren «zapalkuntza» egoerari aurre egiteko bidea ere badela aldarrikatu dute.
Etxebarriko Gazte Asanbladako kideak, gaztetxearen aldeko aldarri artean.Etxebarriko Gazte Asanblada Gaztetxe baten beharrari antolakuntzaz erantzun die Etxebarriko gazteek. Duela hamar urte zarratu zen ordura arte zeukaten gazte lokala, eta gazte etxebarritarrak topaleku bat edukitzeko eskubidea aldarrikatzen aritu dira ordutik. Herriko gazteak elkarregaz egoteko joeraren galerak arduratuta, udalari materiala gordetzeko biltegi bat baino gehiago eskatu zien; ekintzak elkarregaz burutzeko, elkartzeko eta ideia desberdinen inguruan hausnartzeko leku bat.
Iazko Santixau jaietan egin zuen Gazte Asanbladak gaztetxea edukitzeko eskubidearen aldeko lehen elkarretaratzea, eta hainbat gazte arrazoi beraren bueltan batzeaz gain, etxez etxe 250 bat sinadura lortu zitzuten. Hala ere, elkartasun adierazpen horren aurrean, udalaren erantzunak ez zituen Gazte Asanbladaren nahi eta beharrak asetu: «Egoera ulertzen zutela, baina pazientzia edukitzeko eskatu ziguten; urtez urte atzeratzen ari den proiektuak argudio bezala erabiliz».
Erantzun hutsalek irtenbiderik ez. «Sare sozialetan eta herrian gure erantzuna plazaratu genuen, espazio autogestionatu bat edukitzea beharrezkoa dela azpimarratuz, eta alternatibaik ez eskeintzie be, ezezkue emotie da eta Gaztiok martxan, gaztetxie faltan leloak eurenak egin eta gaztetxearen aldeko eguna antolatu zuten iaz.
Etxebarria gazteentzako herri erakargarri bat izatea nahi dute asanbladako kideek. Izate hori lortzeko bidean, gaztetxe baten beharra azpimarratu zuten, gazteek herritik atera barik elkarregaz egoteko espazio bat izan dezaten.
2026ko martxoan loratzen hasi zen proiektua. Lokala lortu zuen Gazte Asanbladak, eta «ezer jakin barik eta aurrekontu urri bategaz» hasi zituzten obrak. Gaztetxearen «oinarria» sortzea izan zen lehen pausoa, auzolana lanabes nagusi izanda hasi zituzten konponketak: «Iturgintza eta elektrizitate lanak egiten zekiten gazteengana jo genuen. Ezer jakin barik hasi genituen lanak, eta ateak aldatzen zekienik aurkitu ez genuenez, Interneteko bideoen laguntzagaz egin genuen behar hori». Hilabete luzez aritu dira kideak beharrean, «bakoitzak bere etxeko lan tresnak» ekarri ditu, eta inguruko herriek eskainitako laguntza ere nabarmendu dute. Motibazio aldetik «gorabeherak» eduki izana aitortu dute, baina aurrera egiteko indar nahikoa batu dute momentu bakoitzean.
Bide luze bat pauso txikiz osatu ostean, lorpen horrek «asanbladako eta herriko kapitulu berri bat» hasiko duela argi dute kideek. Gaztetxea ez dute «ospakizun handiak antolatzeko» espazio huts bat legez ulertzen; «tailer, elkarrizketa, jolas eta eztabaiden» aterpe izango da. Etxebarriko gazteek elkarregaz egoteko gotorleku bat dute, «saretzeko aukera» emango diena: «Lau hormatik espazio seguru eta aske bat eraiki nahi dugu, gazteak harremantzea eta herria bizirik mantentzea helburu duena». Gaztetxea zabalik, gazteek zenbait erronka dituzte parez pare, eta egin beharrekoen jakinaren gainean daudela argi utzi dute: «Orain daukagun ilusioa eta gogoa mantentzeko beharra dugu, eta gaztetxea zaintzea eta lortutakoaren garrantziaren jakitun izatea da erronka handiena».
Lorpenak ospatzeko. Gaur [azaroak 6] eta bihar [azaroak 7] egun berezietan berezienak izango dira Etxebarriko eta inguruetako gazteentzat. Gaztetxea lortu izana eta auzolanagaz leku berezi bat eraiki izana ospatuko dute elkarregaz. Bi egunetan izango dute gazteek hamaika ekimenez gozatzeko aukera, izan ere, Gazte Asanbladak «herritarrak eta inguruko gazteak erakartzea» helburu duen egitarau oparoa antolatu du. Txupinazoa botako dute aldarriz betetako egunari hasiera emateko, mojito edanagaz jarraituko dute, eta gaztetxeko kamisetak salgai izango dituztela aurreratu dute. Iluntzea musikatzeko, Uxue eta Eztebe musika bikoteak kontzertu akustikoa eskainiko du. Bihar ping pong txapelketagaz hasiko dute eguna, eta gaztetxean binaka eman beharko dute izena 12:00etan. Bazkaltzeko batuko dira ondoren, eta bazkalosterako ere badute plana: bingo musikatua. Mahaitik altxa eta gazteak dantzan jartzera dator Ostikada elektrotxaranga, gaueko kontzertuetarako motorrak berotzeko: Nuzz, Reder, Sutargi erromeria eta DJ Alloxelets.
Gaur egun gaztetxeak jasaten ari diren «zapalkuntza» mahaigaineratu nahi izan dute Gazte Asanbladako kideek: «Gure herrian gaztetxea hamar urte eta gero zabaltzea lorpen handi bat da. Horregatik, egun hau gugaz ospatu nahi duten guztiei luzatzen diegu Etxebarrira etortzeko gonbidapena».