Jose Luis de la Torre Agirre Euskal Zine Bileraren bultzatzailea zendu da
Jose Luis de la Torre Agirre zinemazale eta zinemagile lekeitiarra Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat eta herriko zinemazaletasunaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Hileta elizkizuna gaur [azaroak 9] izango da 19:00etan, Lekeitioko Andre Maria Jasokundearen Basilikan.
Jose Luis de la Torre, 46. Euskal Zine Bileraren aurkezpenean 2023an. Jose Luis de la Torre Agirre zinemagile eta zinemazalea zendu zen zapatuan [azaroak 7], 83 urtegaz. Lekeitiarra Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izan zen eta baita jaialdiaren bultzatzaile nagusietako bat ere. Hileta elizkizuna gaur [azaroak 9] 19:00etan izango da, Lekeitioko Andre Maria Jasokundearen Basilikan.
1970eko hamarkada amaieran bultzatu zuten Euskal Zine Bileraren sorrera. Benito Ansola Lekeitioko parrokoagaz eta Ansolaren ikasle izan ziren Jon Grande eta Jose Luis Amias lekeitiarrekin batera 1978an lehenengo jaialdia antolatu zuten. Lekeitioko Caja de Ahorroseko zuzendaria zen garai hartan de la Torre, eta bera izan zen Caja de Ahorrosek babestu zuen lehen jaialdi hori. Ordutik aurrera, hamarkadaz hamarkada jaialdiaren antolakuntzan lanean aritu zen. Zinemagilea ere izan zen, eta hainbat ikus-entzunezko sortu zituen, Lekeitiori lotuak gehienak, eta jaialdian aurkeztu izan zituen, tartean Txikot egileak eta Gure itsasoa. 2023an 46. Euskal Zine Bileraren irudietako bat izan zen, jaialdiari hasieratik egindako ekarpen guztiaren aitortza moduan.
Euskal Zine Bileran beragaz ibilitako lagunek mezu berezi bat eskaini diote, eta euren bizitzan izan duen lekua aitortu diote: “Esaten da inor ez dela ezinbestekoa, denok izan dezakegula nork ordezkatu eta denok egin dezakegula besteen lana. Hau da, berdinak ez bagara, oso antzekoak garela. Akaso bai, horrela da edo horretara izan behar luke behintzat. Baina beti betetzen ote du arau hori? Guk esan genezake ezetz, badirela ezinbestekoak, eta esan genezake, gainera, ezagutu genuela holakoa: Jose Luis.”

Euskal Zine eta Bideo Bilerako lagunak, Jose Luis de la Torregaz.Euskal Zine eta Bideo Bilerako lagunak
Ez dute ahaztu nahi izan de la Torrek egindako ekarpen guztia ere. Hogei urtetik gora ibili ziren beragaz batera orduko Euskal Zine eta Bideo Bilera antolatzen, beragaz eta Ansola parrokoagaz. Eurentzako, Ansola “jaialdiaren arima bazen”, De La Torre “jaialdia gorpuzten zuena” zen; eurak “laguntzaile hutsak” ziren. “Bera barik nekez izango zen Bilera, eta Bileraren antzera beste hainbat gauza. Egiten eta eragiten ezagutu genuen Jose Luis, eta zorionekoak gu urteetan halako laguna izan dugulako”.
Zinemagilearen etxekoekin ere gogoratu nahi izan dute: “Begoña eta Asierri besarkada estu bana bidali nahi dizkiegu”. Gogoan izango dutela esanez agurtu dute de la Torre: “Zuri, Jose Luis, bizi garen artean gogoan izango zaitugunaren promesa egiten dizugu, betetzen erraza egingo zaigun promesa. Izan ere, izan zinena eta egin genituenak ahaztezinak baitira”.