Bigarren Eskuko Azoka egingo dute Lekeitioko Herri Eskolako patioan
Domekako [azaroak 15] azokan inguruko ekoizle eta artisauek salduko dute. Helburua da zentro komertzialetara joan beharrean, herritarrek dituzten gauzei berrerabilpen bat ematea.
Ailegatu da Lekeitioko Herri Eskolan Bigarren Eskuko Azoka egiteko hitzordua. Domekan [azaroak 15] egingo dute, ikastetxeko patioan, 11:30etik 14:30era. Eguraldi ona eginez gero, patioan egingo lukete azoka, eguraldi txarragaz, berriz, patioko aterpean.
Herri Eskolako Zapran Guraso Elkarteak antolatu du azoka, eta erostera edo giroaz gozatzera hurbildu nahi duen edozein herritarrentzako zabalik egongo da. Alde batetik, bigarren eskuko gauzak salduko dituzten postuak egongo dira, eta baita herriko eta inguruko ekoizle eta artisauak ere, bere produktuak saltzen. Hurbilduko diren herritarrentzako txosna bat ere egongo da, sabela pintxo eta edariz betetzeko, azokaz gozatzen duten bitartean.
Postuen helburu nagusia salgaiei bigarren erabilera bat ematea bada ere, lortutako dirua modu desberdinean erabiliko dute. Batzuek norberarentzako dirua lortzeko asmoa izango dute eta beste batzuek gobernuz kanpoko erakunde bati emango diote irabazitako dirua.
Gabon ospakizunen aurretik egiten dute urtero azoka, zentro komertzial handietan erostea ekidin eta bertoko jendeari erosteko: “Etxean ditugun gauzei bigarren edo hirugarren erabilpen bat eman eta berrerabilpena bultzatu nahi dugu, bertoko inguruko ekoizle eta artisauak ezagutzeko helburuagaz”.