Batasuna, elkartasun pedalkadak ematen jarraitzeko
Bermeoko Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeko kideak Ondarroara etorri dira, herriko minbiziaren aurkako elkarteari ikusgarritasuna emateko martxa solidarioan.
Pedalkadaz pedalkada, besteengandik musutruk zer edo zer egiteak ematen duen indarragaz, horrelaxe ailegatu dira gaur goizean [azaroak 14] Bermeoko Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldeko kideak Ondarroako Itsasaurre plazara, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteagaz elkarlanean antolatutako martxan.
08:00etan atera dira Bermeotik, eta bi ordu pasatxoan, 10:00etan eman diete ongietorria plazan karparen babesean zeuden Ondarroako Minbiziaren Aurkako Elkarteko kideek. 40 txirrindulari inguruk osatu dute ibilbidea; beste batzuk, Gernika-Lumorako bidea hartu dute, handik, bueltan, guztiak batera Bermeora itzultzeko.
Alvaro Sancha Vazquez Matxitxakoko kideak ezin izan du martxa bizikletaz egin. Ondarroako Minbiziaren Aurkako elkartekideekin egon da martxa ailegatu bitartean, informazio eta hornidura karpa prestatzen.
Bizkaiko Minbiziaren Aurkako elkarteekin elkarlanean denbora daroa Matxitxakok. “Aurtengo helburua da elkarteei ikusgarritasuna ematea”. Aurreko ekimen solidarioetan, ikerketarako dirua ere bildu izan dute: “Guk beti egin izan ditugu kutsu solidarioko ekimenak. Minbiziaren aurkarko martxa hau antolatzen dugu, uztailean Bermeon Aldapa Xtrem lasterketa, eta hor batzen dugun dirua beti doa elkarte batera. Lehenengo urtean Busuturialdeko Eutsi Gogor Danok Batera elkarteari eman genion bildutakoa, eta azken urteetan Aspanovasi”.
Helmugak proiektuagaz ere badauka Matxitxakok harremana. Atzo [azaroak 13] Bermeon egon zen Ander Txakartegi Txaka berriatuarra, Agertxo pirata dokumentala aurkezten eta proiektuaren berri ematen. “Aldapa Xtrem lasterketan egon izan da Txaka, beragaz harremana daukagu. Eutsi Gogor Danok Bateragaz ere hartu-eman estua dauka, Aspanovasegaz… Holako egitasmoak egiten direnean, guztion artean joaten bagara, indar gehiago lortzen dugu”.
Egun ona izan dute, euriak errespetatu egin ditu. 12:30ak aldera ailegatu dira Gernika-Lumora eta ordubete geroago, 13:30ean Bermeora. Han San Martin jaiak izanik, San Marton lasterketa baliatu dute euren lanari, minbiziari aurre egiteko premiari ahotsa emateko. Hain beharrezkoa den ikusgarritasuna emateko. Eta eskerrak eman dizkie bereziki minbiziaren aurkako elkarteei, Matxitxako Txirrindulari Kirol Taldearen proiektuan sinistearren. “Eurek sinistu dute gure proiektuan, gure filosofian, eta holako jendea ikusteak Ondarroan zein Gernikan zein iaz Durangon, guri indarra ematen digu pedalkadak emateko. Matxitxakok eman behar ditu eskerrak, jasotzen dugun erantzunagatik”.
10 laguneko taldea
Ondarroako Minbiziaren Aurkako Elkartean zortzi-hamar lagun ari dira boluntariotzan gaur-gaurkoz. Matxitxakoko kideak modura, minbiziari aurre egiteko lanean dihardute, neke barik. Urteroko hitzorduei hutsik egin barik.
Eta jakin badakite, zenbat eta lantalde handiagoa eduki, orduan eta leku gehiagotara ailegatu ahalko liratekeela. Bat edo batek taldera batu nahiko balu, 656 71 97 89 (Miren) telefono zenbakira deitu besterik ez du egin behar. Eskuzabalik hartuko dituzte.