Eskertzeko eta eskatzeko arrazoi asko, Lea Ibarreko I. Nagusien Egunean
Lagunkoiak Lea Ibarreko azken diagnostikoaren berri eman du Munitibarren: lehen diagnostikotik hona pauso batzuk eman badira ere, alor askotan gabeziak antzeman dituzte nagusiek.
Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarra Mankomunazgoko presidentea eta Munitibarko alkatea, ongietorria ematen. Munitibarren zeukaten hitzordua jarrita gaur [azaroak 14] Aulesti, Amoroto, Gizaburuaga, Mendexa eta herriko 60 urtetik gorako herritarrek. Elkarregaz egoteko, partekatzeko, ezagutzeko, aldarrikatzeko eta ondo pasatzeko eguna iragarri zuten Lea Ibarreko Makomunazgoak eta Lea Ibarra Lagungoiak, eta horrelakoxea izan da Lea Ibarreko I. Nagusien Eguna.
12:30ean eman diote hasiera egunari. Plazan bilduta, ongietorri beroa eman die bertan bildutakoei Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarreko Mankomunazgoko presidente eta Munitibarko alkateak. “Eskerrik asko danori etortzeagatik. Eskerrak baita ere eta zorionak Lea Ibarra Lagunkoia taldeko talde eragilean dabiltzan kideei eta, bereziki ere bai, Mankomunazgoko Gizarte langileei, Iranzuri eta Maleni, eurena izan da-eta gaurko eguna antolatzeko ardura”.
Lagunkoi taldearen hastapenei buruz jardun du Goikoetxeak, eta taldekoek ere izan dute zer eskertu. Gaurko ospakizuneko zapi bat oparitu diote, euren oroigarria izan dezan.
Aretoa izan dute topagune ondorengo ordubetean. Lagunkoiako talde eragilea aurkeztuta, Lea Ibarreko nagusiek bete duten azken inkestako emaitzen berri eman dute, horren garrantziaren jakitun. 105 lagunen erantzunak jaso dituzte bigarren diagnostiko honetan. Ehunekotan, mendexarrak izan dira erantzun duten gehienak, eta adinari begira, 65-68 urte bitartekoak. Herri txikietan bizitzeko baliabideak eta aukerak identifikatuta, ekintzetara joko dute orain.
Aissa Intxaustik eta Miren Amurizak hartu dute hitza ondoren, bertsoz bertso, egunari gatza, piperra eta goxotasuna jarriz. Herri txikiak bizirik eta herritarrak zoriontsu izatearen garrantzia aldarrikatu dute, belaunaldien arteko desberdintasunik ez dagoela erakutsiz.
14:30ean, bazkaritan elkartu dira. 100 lagun inguruk bete dute pilotalekuko kantxa, kontu kontari, kantu kantari.