60 kiloko burbina eraman du Ogellatik etxera Egoitz Murelagak
Ogellako uretan harrapatu du lekeitiarrak ezohiko tamainako burbina. Pieza ontzira igotzea baino gehiago garbitzea eta zatitzea gehiago kostatu zitzaiola adierazi du. Familia eta lagunen artean banatu du arraina.
Egoiz Murelaga Lekeitioko portuan burbina harrapatu ondoren.Egoitz Murelaga Egoitz Murelagak zorte oneko arrantza eguna izan zuen aurreko eguaztenean [azaroak 11], Ogella inguruan 60 kiloko burbina harrapatuta. Ikusmina piztu zuen bere harrapaketak, eta oraindik ere burbinagaz gertatutakoa asimilatzea kostatzen ari zaio: “Nik ere ez nekien baina antza denez, Espainiako errekorra uste dut 50 kilora ez dela heltzen. Kofradian edo leku ofizial batean pisatu banuen Espainiako errekorra izango nuen. Munduko errekorra ere 63 kilo inguruan omen dago”. Baditu lagunak eta ezagunak “bera baino trebeagoak” 40-45 kilo inguruko piezak harrapatu dituztenak, baina 60korik ez du entzunda izan Murelagak.
Egun hartan itxaropen berezirik gabe atera zen itsasora, aurreko egunetan mugimendu handirik ez baitzuen ikusi. 10-15 metroko sakoneran ibili zen, eta halako batean, ur azaletik zihoala, azpitik korbina talde bat pasatu zitzaion: “Eskuan arpoi txiki bat nuen, eta badaezpada beste arpoi handiago bat nuen atzean. Arpoi handiagoa hartu, kargatu, eta atzetik nindoala bat aukeratu nuen. Baina aukeratutakoarengana hurbildu nintzenean, beste bat albotik agertu eta handiagoa zela ikusi zuen, eta hari eman nion”. Arpoiaren sokari tiraka hasi zenean ordea, soka apurtu eta korbina ihes egiten ikusi zuen, oraindik haga sartuta zuela. Arraina jada galdua zuela pentsatu bazuen ere, pare bat buelta eman zituen uretan arpoi txikiagaz beste piezaren baten bila, eta orduerdiaren bueltan, berriz ikusi zuen burbina. 10-12 metroko sakoneran aurkitu zuen tripaz gora.
Ontzira bidean konturatu zen burbinaren benetako tamainagaz. “Denek galdetzen didate nola altxatu nuen ontzira, eta, egia esan, ez zitzaidan hainbeste kostatu. Lehenengo saiakeran burukada batzuk eman zituen eta uretara erori zitzaidan. Ez dakit momentuko tentsioagatik izan bazen, baina nahiko erraz igo nuen ontzira. Gehiago nekatu nintzen bera garbitzen: eskamak kendu, tripak kendu, zatitu…pasada ederra hartu nuen”.
Lekeitioko portuan plaza aurrean du ontziaren lekua, eta bertaratutakoek ikusi zuten harrapatutako pieza, baita komentarioren bat edo beste egin ere. Handik Aulestiako familiaren baserrian egin zituen burbina garbitzeko eta zatitzeko lanak. Hala, familia eta lagunen artean banatu du arraina.