Aritz Labrador Lekeitioko Udal Musika Bandako zuzendari izendatu dute
Zornotzarrak Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak zuzendu izan ditu. Bandak Santa Zezilia egunean [azaroak 27] emango duen kontzertuan estreinatuko da lekeitiarren aurrean.
Aritz Labradorrek Euskadiko eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak zuzendu izan dituPatxi Cascante (Euskadiko Orkestraren Artxiboa) Lekeitioko Udal Musika Bandak zuzendari berria iragarri du. Aritz Labrador zornotzarrak hartuko du banda zuzentzeko ardura, eta azaroaren 27an Santa Zezilia eguna ospatzeko emango duten kontzertuan estreinatuko da Lekeitioko Udal Musika Bandaren zuzendari lanetan.
Banda lekeitiarraren zuzendaritza hartu aurretik, ibilbide oparoa izan du Labradorrek. Zornotzako Zubiaur Musika Eskolan hasi zuen bere musika ibilbidea, eta ondoren txistuan espezializatu zen Aitor Amilibiagaz Bilboko “Juan Crisóstomo de Arriaga Musika” Kontserbatorioan, formakuntza osatzen jarraituz. Handik, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegira joan eta, alde batetik, txistuaren goi mailako ikasketak egiten jarraitu zuen Aitor Amilibiagaz, eta bestetik, orkestra- eta abesbatza-zuzendaritza ikasketak egin zituen Arturo Tamayo, Jon Malaxetxebarria, Margarita Lorenzo eta Basilio Astúlez irakasleen laguntzaz. Klase magistralak ere ez ditu falta izan bere formakuntzan: Juanjo Mena, Nacho de paz, Ernest Martinez-Izquierdo edo Ruben Jimeno izan ditu maisu.
Ikasketez haratago, kargu desberdinak burutu ditu hainbat orkestra eta proiektutan. Zuzendaritza lanak egin izan ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoan, Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta baita Bilboko Koral Elkarteko Jesus Guridi Gazte Orkestran. Bestelako proiektuen parte ere izan da; esaterako, Opus Lirica konpainian bi denboraldi egin zituen Donostiako Operako zuzendari musikal laguntzaile lanetan, eta zuzendari laguntzaile kargua izan zuen Ikasleen Orkestran (EIO) ere.
Txistulari moduan hainbat diskoren grabazioetan parte hartu izan du eta jarraitzen du parte hartzen, eta hainbat konpositoreren obrak estreinatu ditu bai txistulari eta bai zuzendari moduan; tartean, Tomas Aragues, Antonio Lauzirika, Urtzi Iraizoz, Carlos Villasol, Rodrigo de Santiago, Andrea Mattevi eta Enrique Vazquez.
Bere sustraiak ahaztu gabe, Zornotzako Musika Bandaren eta Areatzako Bandaren zuzendaria ere bada. Banda zornotzarra berak berreskuratu zuen 2019an eta ordutik jarraitzen du zuzendari lanetan.