McOnak taldea 'Antzar bat' eta 'Kalamua' abestiekin bueltatu da
McOnak taldea bueltan da hiru urteren ondoren, bi kantu berrigaz. 'Antzar bat' lehen single-ak goierritarrak Ternuara joan zireneko istorioa kontatzen du eta 'Kalamua' kantuak belaunaldien arteko gizarte eraldaketari kritika egiten dio.
McOnak talde lekeitiarrak urteak zeramatzan musika berririk argitaratu gabe, eta itzulera iragarri berri du bi kantu berri argitaratuta. Joseba Iturraspe abeslariak itzulera pentsatua zegoela adierazi du: “Urrian azken kontzertutik hiru urte pasatu dira jada, hor geldialditxo bat egitea erabaki genuen proiektu pertsonalak tarteko. Harremana beti mantendu dugu, eta iaz bazkari batean irten zen gaia, eta gutxinaka ‘elefantea’ berriro martxan jartzen hasi gara”.
Itzulera disko bategaz planteatu izan omen dute beti, eta talde bat bizirik dagoenaren seinalea taldekideak lokalean sartu eta abestiak sortzeagaz lotzen dutela azaldu du Iturraspek. Traganarrua deituriko disko berriak hamar abesti izango dituela adierazi du, eta publikoarengana berriro hurbiltzeko abesti moduan Antzar bat izeneko kantua aukeratu dute: “Normalean estudioan sartu aurretik maketak egiten dira, bozeto estiloan ikusteko, eta ikusi genuen, lehenengoko ‘tiro’ moduan, Antzar bat egokia izan zitekeela. Baina beste bederatziak ere gure seme-alabak dira eta berdin maite ditugu”.
Lehen abestiak “XX. mende erdialdera ternuara arrantzan joan ziren goierritarren esperientzia isladatzen du”, Gipuzkoa barnealdetik itsasoa sekula ikusi gabeko euskaldunak bakailaoak arrantzatzen Ternuara joan zireneko istorioa. Jende askok galdetzen omen diete nola egin duten goierritarrekin lotura eurak lekeitiarrak izanda. Antza denez, kapitaina lekeitiarra omen zen, baina lotura haratago doa: “Horri gehitu behar diogu gure protagonistetako bat eta Ternuara joan zirenetako asko lazkaotarrak izan zirela. Lazkaotarrei antzarrak deitzen diete, orduan, Lekeition antzarrek duten esanahiagaz eta lazkaotarrari antzarrak deituta, hor beste lotura bat dago eta horrela mamitu eta sortu dugu haria”. McOnak taldeak “itsasoagaz erlazionatutako istorioak” kontatu izan ditu eta, Iturrasperen hitzetan, Goierrin oso ezaguna ez den istorio horrek kontatua izan behar zuela erabaki zuten.
Bigarren kantuak Lekeitioko azken arrantza ontziaren izena hartzen du, Kalamua, eta belaunaldien arteko gizarte eraldaketari kritika bat azaleratzen du bere letretan. “Iaz (Kalamua ontzia) bideoan grabatzen nengoela, anonimo bat etorri zitzaidan grabatu nuen hori bidali niezaiokeen galdetzen, grabatu nuen hori oso garrantzitsua omen zen. Hor esan nuen, gauza garrantzitsu bat dago pasatzen, belaunaldiek ezagutu duten modura herria eta portua ondorengoek ez dute ezagutuko”. Hausnarketa hori abiapuntu modura hartuta, gizartearen egoera sozioekonomiko-politikoaren bilakaera isladatu nahi izan dute, eta bide horretatik dei bat egin “etorkizuna eskutik heltzeko”.