Olgetan mahai jolasa salgai dago Lekeitioko denda eta ikastetxeetan
Lekeitioren 700. urteurrenaren baitan digitalean sortu zen ondare jolasa mahai jolas bihurtu du Lekeitioko Udalak. Helburua Lekeitiori buruzko jakintza herritarren eskura jartzea da.
Udalak mahai jolasa aurkeztu du.Lekeitioko Udala Lekeitioko Udalak Olgetan mahai jolasa kaleratu berri du, herritarrek Lekeitioren ondareari buruzko ezagutzak proban jarriko dituen jolasa. 15 euroan dago salgai Lekeitioko ikastetxe eta denda desberdinetan. Gaur gaurkoz, Aralde Berrin, Dran, Kiñun, Urbietan, Herri Eskolan, Azkue Ikastolan eta Lekeitio BHIn dago salgai. “Prezio sinboliko bat jarri diogu gastuak ordaintzeko eta gure interesa delako Lekeitiori buruzko informazio guzti hori edo jakintza hori herritarrek jakitea eta ezagutza hori izatea”, adierazi du Igotz Espeja Lizarribar Hezkuntza zinegotziak.
Espejak dioenez, aurreko legegintzaldietan Lekeitioko ondarearen inguruan egindako lana gordea zegoen, eta Lekeitioko 700. urteurrenaren baitan, gordetako material horretatik ikastetxeekin batera galderak sortu zituzten eta ondare jolas interaktiboa egin zuten euskarri digitalerako. Artxiboko langileen laguntza ezinbestekoa izan zela adierazi du Espejak: “Artxiboko langileek galderak zuzendu eta ondo formulatu, erantzun zuzenak jarri eta dena ondo txukun-txukun jarri zuten”.
Jolasa digitalean egon zen, Lekeitio 700en webgunean. “Harrera ona izan zuen herrian, baina pentsatu genuen zergatik ez hori mahai jolasera pasatu, mahaian aurrez aurre eta edozein lekutan jolastu ahal izateko. Eta horixe da egin duguna”. Oka formatuan sortu dute jolasa, digitaleko galdera berdinekin eta erantzunekin ere. “Egin duguna da, ondare jolasa, digitalean eduki duguna, mahai jolasera pasatu”, laburbildu du Espejak.
Jolasa umeentzako zaila bada, eta helduentzako ere zaila dela ohartarazi du Espejak, ondarearen inguruko informazio asko baitago: “Asko dago ikasteko eta oso interesgarria da, baina ez pentsatu ume txikiekin jolasteko oka bat denik. Eduki aldetik ezagutza bat eskatzen dute”.