Xabat Galletebeitiari ihes ein dio Bertsolari Txapelketan jarraitzeko aukerak
Erabakita geratu dira Donostian, Gasteizen eta Bilbon ariko diren bertsolariak. Zapatuan [azaroak 21] jokatuko dute finalaurrekoen bigarren itzuliko lehen saioa Donostiako Illunbe zezen plazan.
Julio Sotok irabazi zuen joan den zapatuan [azaroak 14] Miarritzeko Jai Alai pilotalekuak hartu zuen finalaurrekoetako lehen itzuliko azken saioa. Lau saioak jokatuta, erabakita geratu ziren finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioetan ariko diren bertsolarien izenak. Lau saio horietatan gailendu ostean, Amets Arzallus Antiak, Nerea Ibarzabal Salegik, Julio Soto Ezkurdiak eta Aitor Mendiluze Gozalezek Donosti, Gasteiz eta Bilbon aritzeko lekua lortu zuten.
Garaipenaren bidetik izan ez bada ere, lehen itzulian batutako puntuek beste 14 bertsolariri eman diete bigarren faseko finalaurrekoetan aritzeko txartela. Hiru hiriburuetako oholtzak bete eta bertsotan ariko dira Beñat Gaztelumendi Arandia, Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Sustrail Colina Akordarrementeria, Aner Peritz Manterola, Joanes Illarregi Marzol, Ane Labaka Mayoz, Ohiana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola, Aitor Bizkarra Ruiz, Saioa Alkaiza Guallar, Agin laburu Rezola, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Xabat Illarregi Marzol.
Puntuei begira egoteak dakarren urduritasuna ezaguna du Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiattak. Lehen itzuliko saioa “bizitzea eta gozatzea” lortu eta bosgarren postua eskuratu bazuen ere, lekeitiarrak Larraun-Lekunberrin lortu zituen 664 puntuak ez dira bigarren itzulian aritzeko txartelagatik trukatzeko nahikoak izan.
Ander Aranburu Arriola gai jartzailearen gidaritzapean jokatuko dute zapatuan [azaroak 21] Donostiako saioa. Euskal Herria Markina-Xemeinera begira jarri eta maila handiko bertso saioa eskaini zuen Ibarzabalek Eibarren. Lekeitiarren babesagaz, Labakak txapelketan daukan lekua berretsi zuen Gernika-Lumoko saioan, eta biek ala biek, orain arte egindakoaren ildo beretik jarraitzeko asmoagaz kantatuko dute azaroaren 28an, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. Bilbok hartuko du finalaurrekoetako azken saioa abenduaren 5ean, eta saio horren ostean egingo dituzte bi itzulietako puntuazioak batzeko lanak. Zazpi bertsolari igaroko dira Iruñeako final handira, eta Bertsozale Elkarteak argitaratu duenez, Andoni Egañak izango du Euskal Herriko bertsolari txapeldunari txapela janzteko ardura.