Arantza Ibarrak 'Notas de Vida' liburua aurkeztuko du Markina-Xemeinen
Tarine Udal Musika Eskolak hartuko du aurkezpen musikatua zapatuan [azaroak 21], 12:30ean.
Notas de vida liburua argitaratu zuen ekainean Arantza Ibarra idazle ondarrutarrak. Jaioterrian eman zuen lehenengoz Con M de Mujer argitaletxeagaz argitaratutako lanaren berri, eta oraingoan, Markina-Xemeinen egingo du adineko emakumeak omentzeko sortutako liburuaren aurkezpena. Ibarraren lana ezagutzeko, Tarine Udan Musika Eskolak 12:30ean zabalduko ditu ateak.
Adineko emakume baten inguruan eraiki du Ibarrak kontakizuna, eta istorioak musikagaz duen lotura berretsiko du aurkezpen musikatu bategaz. Eli Andrinua Tarine musika eskolako zuzendaria eta Rakel Elu izango ditu lagun Ibarrak, pianoagaz eta trikitixagaz liburuaren aurkezpena girotzen ariko baitira. Liburuan eraiki zuen aldarri berari eutsiko dio zapatuko kontzertuak: “Adinkeriaren aurka eta gure artean laguntzearen alde” egingo dute aurkezpenean, eta “energia oso polita eta ahizpatasuna sortzea” izango dute helburu.