Berriatuko Azokak badakar zer ikusia eta zer erosia
Hamasei ekoizlek eta hamabi artisauk salduko dituzte produktuak, eta animaliak ere bueltan izango dira azokan. Goizean trikitilariak ariko dira giroa musikatzen eta arratsaldean zesta partidez gozatzeko aukera egongo da.
Iazko Berriatuko Azokak giro ederra sortu zuen herrian.Garaia Pagola Urriza Berriatuko Elikagai, Artisau eta Animalia Azokak herritarren gustagarri izango den produktu zerrenda zabala dakar aurtengoan ere. Zapatu honetan [azaroak 21] izango da, eta ekoizleak, artisauak, abeltzainak, herriko taldeak eta elkarteak elkartuko dira azokak behar dituen osagai guztiak eskaintzeko.
Herritarrek 10:00etatik 14:00etara herriko plazara bertaratzea besterik ez dute izango, produktuak ikusi, probatu eta erosteko. Guztira 30 postu egongo dira plazan; alde batetik, hamasei ekoizlek hamazortzi postu hartuko dituzte eta, bestetik, hamabi artisauk bakoitzak postu bana.
Ekoizleek askotariko produktuak jarriko dituzte salgai plazan: gazta, eztia, ortuaria, okela produktuak, ahatekiak, ogia eta gozoak, berakatz beltza eta artisau garagardoa.
Artisautzaren kasuan ere, produktu ugari eramango dituzte artisauek euren postuetara: zapatak, itsas bazterretik berreskuratutako egurragaz egindako lanparak, kuadroak, pertxeruak, xaboiak eta kosmetika naturala, erle argizarizko kandela eta osagarriak, poltsak, bitxiak, euskarri desberdinetan estanpatutako diseinuak eta osagarri bordatuak, besteak beste. Otarregintza ofizio duten Azurmendi Anaiek otarre mota desberdinak eginaz erakustaldia emango dute lanbidea ezagutarazteko.
Abeltzainak ere bueltan egongo dira azokan. Iaz ganadu azokak aldi baterako debekatu zituzten Euskal Herri osoan behiei eragiten dien Dermatosi Nodular Kutsakorra gaitzagatik, eta Berriatuko Azokan ez zen animaliarik izan. Aurtengo azokan aukera ederra izango da mota guztietako animaliak ikusteko: idiak, behiak, pottokak, astoak, poneyak, ardiak, ahuntzak, txerriak, antzarrak, oiloak eta bestelako hegaztiak.
Azokak irauten duen bitartean, Tarine Udal Musika Eskolako trikitilariek giroa alaituko dute 12:30etik aurrera. Egunari jarraipena emanagaz, arratsaldean zesta partidez gozatzeko aukera egongo da.
39. Berritxu Saria jokatuko dute puntistek.