'Euskararen Etxea, plazara' erakusketa ibiltaria Markina-Xemeinen egongo da
Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroko lagin bat eskainiko du erakusketak, eta Karmeldarren aretoan egongo da ikusgai azaroaren 29ra arte.
Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroak “euskararen bizi indarra eta aniztasuna transmititzeko” helburua duen erakusketa hartzen du bere baitan. Erakusketak eskaintzen duen “esperientzia ludikoa” hiriburutik harago zabaltzeko beharra ikusi dute, hala, Bizkaiko zenbait udalerritan egongo da Bilboko zentroaren lagin bat eskainiko duen Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltaria. Markina-Xemeinera helduko da bihar [azaroak 19], eta ikusgai egongo da azaroaren 29ra arte. Karmeldarren aretoa izango da erakusketaren babesleku, eta ateak zabalik egongo dira 17:30etik 19:30era, eguen, bariku eta zapatuetan.
2023ko otsailean zabaldu zuten Euskararen Interpretazio Zentro berritua. Kirmen Uribe idazlearen eta Patxi Baztarrika soiziolinguistaren elkarlan zientifikoaren emaitza da, “hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen” laguntza jaso zuena. Zentroko edukietatik abiatuta ondutako erakusketa izango da, eta euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten gaituen datu basea eskainiko du. Aldi berean, euskararen historia, euskal kulturaren “aberastasuna eta kalitatea” eta hizkuntzak etorkizunean dituen erronkak ezagutaraziko dizkie Markina-Xemeingo herritarrei.
Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatu dute erakusketa, eta Markina-Xemeingo egokitzapena Uhagon Kulturgunearen laguntzagaz osatu dute. Hala, markina-xemeindarrek euren herriko datu eta ezaugarri bereziak erakusketaren baitan aurkituko dituzte. Informazio guzti hori, “baikorra, abegikorra eta zabala” den erakusketa baten bitartez eskainiko dute.
Irisgarritasuna oinarri. Edukiak Irakurketa Errazean prestatuta daudela argitu du Euskararen Etxeak; edozein pertsonak ulertzeko landutako materiala da, irakurtzeko zailtausnak dituzten pertsonengan, adimen-desgaitasuna dutenengan, adineko pertsonengan edo euskara eta gaztelania ondo menperatzen ez duten horiengan arreta berezia jarriz.