Xabat Lertxundiren 'Ziklope' film laburra saritu dute Eibarren
Euskarazko Film Labur Onenaren saria eskuratu du berriatuarraren film laburrak Eibarko Asier Errasti 27. Film Laburren Jaialdian. Saria ezustean hartu du, eta lantaldea eskertzeko baliatu du unea.
Lertxundik saria eskertu zuen jaialdiko oholtzan.Xabat Lertxundi Xabat Lertxundi berriatuarraren Ziklope film laburrak zeresana ematen jarraitzen du. Eibarren egin berri duten Asier Errasti 27. Film Laburren Jaialdian egon da Lertxundi, eta bere film laburrak Euskarazko Film Labur Onenaren saria irabazi du.
Lertxundik ez zuen espero saria berak eskuratzerik, eta poza, hortaz, bikoitza izan da: “Egia esan, sekulako sorpresa izan zen, eta ilusio handiz jaso dut. Jaialdira joateagaz eta lana pantaila handian partekatzeagaz bakarrik pozik nengoen, beraz, saria irabaztea opari bikoitza izan da”.
Euskarazko lan bat horrelako jaialdi batean aitortua izateak aurrera jarraitzeko indar handia ematen diola adierazi du, aurrerantzean ere “euskaraz, naturaltasunez istorioak kontatzen jarraitzeko”. Proiektuaren atzean lan asko eta ordu asko daudela aitortu du zinemagileak, eta lantalde osoarentzako bultzada ederra izan dela dio pozarren: “Beraiei eskerrak emateko aukera ona izan da”.
Film laburrak ibilbide oparoa izan du azken urtean, eta lantaldea “oso pozik” dago. Hainbat jaialdi eta aretotan proiektatu da, eta publikoarengana iristea lortuko zuenik jakin gabe, “feedback-a oso beroa” izan dela dio. Jendearengadik jasotako ekarpenak eta hausnarketak balioan jarri ditu: “Niretzat aberasgarriena jendeagaz sortu diren solasaldiak eta proiekzio osteko sentsazioak izan dira; ikustea istorioak zerbait mugitzen duela ikuslearengan, galderak sorrarazten dituela, hori da saririk handiena”.
Jaialdi garrantzitsuenak jada pasatu badira ere, eta lanagaz lorpen politak izan baditu ere, “proiekzioen atea” ez du itxi nahi. “Hurrengo asmoetako bat da jende gehiagoren eskura jartzea —plataformaren batean edo sarean zintzilikatzea, esaterako—, oraindik ikusi ez duenak aukera eduki dezan”.
Etapa berri horretan Ziklope-ri bere lekua bilatzen dion bitartean, orain arte lortutakoa eta ikasitakoa aintzat hartuta, bera eta bere lantaldea proiektu berriak prestatzen hasita daudela jakinarazi du Lertxundik.