"Gau magikoa" izango da biharkoa Lekeitioko Ikusgarri aretoan
Joshua Kenneth nazioarteko mago ezagunaren ikuskizuna ikusteko aukera egongo da bihar, 20:30ean, Ikusgarri aretoan. Oier Jurado markina-xemeindarrak emango dio hasiera emanaldiari.
Gaur berezia izango da biharkoa Ikusgarri aretoan. Bere historian lehendabizikoz, magia emanaldia egongo da Lekeitioko aretoan, 20:30ean. Eta ez nolanahiko saioa; nazioartean bere lekua egin duen Joshua Kenneth mago ezagunaren ikuskizuna dakar Lekeitioko Zinemazale Elkarteak. Aurten, proposamen berriei zabalik, ekitaldi desberdinak antolatzeko erronka hartu dute elkartekoek, eta Markina-Xemeingo Oier Jurado magoaren laguntzagaz antolatu dute lehen magia emanaldia.
“Proposamena Oier Juradoren bitartez heldu zitzaigun, markina-xemeindarra magia talentu bat da, magia mundu horretan hasi zen, eta berak ere egin du tartetxo bat mundu horretan. jende asko ezagutzeko aukera eduki du, eta proposamen hau luzatu zigun. Berak dituen harremanak aprobetxatuta, Joshua Kenneth ekartzeko aukera eduki dugu”, azaldu du David Madarieta elkarteko kideak.
Juradok hasiera emango dio hasiera biharko emanaldiari 20 minutu inguruko ikuskizunagaz, eta jarraian, Kennethek bere ikuskizun osoa aurkeztuko du publikoaren aurrean.
Kenneth galiziarra da, eta magia lehiaketetara aurkezten hasi zuen bere ibilbidea. Got Talent programa espainiarra izan zen horietako bat, eta lehiaketa irabazi ez bazuen ere, erakusleiho aproposa izan zen berentzat. Programa hartan agertzeak beste herrialde batzuetako programetan agertzea ahalbidetu zion. Pixkanaka, Europa mailako magia zirkuituetan sartu zen, herrialde desberdinetako aretoetan emanaldiak ematen eta sariak irabazten hasi zen. Ameriketako Estatu Batuetan Hollywoodeko areto ospetsu batera ere heldu zen. Gaur egun munduan zehar birak egiten ditu ikuskizunak aurkezten.
Oraindik sarrerak gelditzen dira, Lekeitioko Zinemazaleen webgunean eskuratu daitezke, eta emanaldiaren egunean bertan, oraindik sarrerarik geratuz gero, ikuskizuna baino lehenago leihatilan egongo dira salgai.