Goma Gaineko Sokatira Txapelketa egingo da zapatuan, Ispasterren
Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldia egingo dute Ispasterko frontoian, zapatuan 17:30ean. Bi kategoriatan lehiatuko dira: mistoa 8x8 580 kg eta juniorrak.
Ispasterko frontoiak sokatira ikuskizuna dakar beste behin zapatu honetan, Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldiagaz. Goi mailako sokatira taldeak izango dira bertan, eta baita kirol horretan puntako tiratzaileak izateko bidean dauden taldeak ere. Alde batetik, kategoria mistoa 8×8 580 kg-tan lehiatuko dira Abadiño A, Abadiño B, Gaztedi eta Forua eta, bestetik, juniorretan Goiherri, Gaztedi A eta Abadiño arituko dira lehian. Txapelketa 17:30ean hasiko da, eta horretarako, aurretik pisaketa izango dute 15:30ean.
Txapelketak hiru jardunaldi edukiko ditu, lehenengoa Ispasterren izango da zapatu honetan, bigarrena Urdulizen izango da azaroaren 28an eta finala Bakion izango da abenduaren 12an. Aurten aipagarria da juniorren partaidetza, kategoriari bultzada eman eta txapelketetan haien presentzia indartu eta lehiatzeko aukera emateko helburuagaz.