Brouard eta Muguruzaren erailketaren urteurrenean batu dira bi militanteak omentzeko
Gaur duela 42 eta 37 urte eraildako Santi Brouard eta Josu Muguruzari urteroko omenaldia egiteko elkartu dira. Bertsoekin, manifestuagaz eta "Eusko gudariak" kantatuz gogoratu dituzte bi miiltanteak.
Kanposantuan izan dira omenaldia egin eta loreak eskaintzeko.Maribi Fernandez Azaroaren 20a den honetan, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren erailketaren urteurrena betetzen da, eta, beste behin, “ideien laborari” biei lore eskaintza egiteko batu dira gaur, EH Bilduk deituta, Lekeitioko udaletxe aurrean 13:00etan.

Bertaratutakoek, udaletxetik kanposanturako bidea ikurrin artean egin dute. Omenaldiari hasiera Xabat Galletebeitiaren bertsoekin eman diote, eta lekeitiarrak memoriari eta herri aske bati kantatu dio, bi militanteei erreferentzia eginez: “Memoria da atzera/ begiratzea noizean/ hilobi baten krabelin/ bat uztea gaur goizean/ memoria egiten da/ esperantzaz oroitzean/ kanposantura etorri/ ta eskuak lurrez lohitzean/ bideak arrakalatzen/ lur hori hormigoitzean/ memoria darabilgu/ borrokatzera ohitzean/ ez ahaztu nondik gatozen/ nora goazen doitzean/ herri libre bat sortzeko/ gure urrats bakoitzean”.

Jarraian irakurri duten manifestuan gogoratu dute 42 urte bete direla Brouard erail zutenetik, eta 37 Muguruzaren erailketatik, eta gaurkoa “oroimenezko” eta “oroitzapenezko” eguna dela adierazi dute: “Ez dezagun ahaztu, Santi eta Josuri esker besteak beste, Euskal Herriak nahikoa indar eta ausardia du gure herria mehatxupean duen faxismoari aurre egiteko”. Brouard eta Muguruzak euskal errepublika burujabe eta aske baten amesten zutela, eta faxismo espainiarrak euskal herritarrak eta independentistak izateagatik erail zituela gogoratu dute, eta memoria inklusibo baten defentsan lanean jarraituko dutela adierazi dute. Bi militanteen eredua hartuta aurrera jarraitzeko aldarria egin dute, domekako huteskundeei keinua eginaz: “Bi pertsona, bi militante, herri honen alde bizia eman zutenak. Eredu hori aintzat izanda egingo diogu aurre mehatxu erreakzionarioari. Eta horrela erakutsiko dugu datorren domekan”.
“Gora Santi!” eta “Gora Josu!” oihuekin eman diote amaiera manifestuari. Ostean, “Eusko gudariak” kantatuz amaitu dute omenaldia.