«Errealitatea berbei esanahi bat ematera etorri da»
Mikel Etxaburu Osak 'Matxe-matxe' poema liburua argitaratu du, eta bizitza, heriotza eta biak elkartzen eta banatzen dituen itsaso bat irudikatu du bertan. Poema liburua musikatzeko lanean ari da Manttalingo Alabak taldeagaz, eta Literatur Amuak ekimenaren baitan eskainiko du ikuskizunaren lehen alea domekan [azaroak 22], 18:00etan, Kofradia Zaharrean.
Mikel Etxaburu Osa, argitaratu berri duen Matxe-matxe liburuagaz.Mikel Etxaburu Osa Erabat biluztuz, zaurgarritasunak agerian utziz eta barru-barrutik ateratako pentsamenduak azaleratuz osatu du Mikel Etxaburu Osa ondarrutarrak Matxe-matxe poema liburua. Sormen prozesuaz eta poesiak eskaintzen duen askatasunaz —eta kartzela txikiaz— aritu da Etxaburu.
Zer aurkituko dugu Matxe-matxe liburuan?
Aurreko liburuetan ez bezala, poema sorta hau sortzerako orduan ez diot nire buruari markorik jarri nahi izan, eta etorri diren bezala hartu ditut, hitzei euren bidea egin dezaten uzten. Markorik ez jartzea ere marko bat jartzea dela badakit, baina barru-barruko gauzak atera dira, eta guztiz biluztu naiz sormen prozesuan. Beldur asko agertzen dira, baina ez beldurrak bakarrik. Era batera edo bestera, bizitza eta heriotzaren artean dauden beldur eta ilusioak ageri dira. Bizitzaren eta heriotzaren arteko harreman kreatibo bat islatu dut liburuan, bat bestea barik ezin daitekeelako ulertu. Itsasoa ulertzen dudanean ere, ezin daiteke saihestu heriotzetik, eta heriotza ere ezin daiteke banatu bizitzatik.
Zer da itsasoa zuretzat?
Nire baitan ezinbestekoa da itsasoa. Ondarrutarrok erro-erroraino daukagu sartuta, eta itsasoa bera bizitza eta heriotza dela uste dut. Itsasoak dena ematen digu, eta aldi berean, dena kendu. Arrantzale familia batetik gatozenoi itsasoak bizitza bat eman digu, jornal bat, begirada bat, toki bat. Aldi berean, gure gurasoak kentzen dizkigu, gure lagunak eta gure bizitzak. Aldez aurretik erabaki barik, bizitzaren eta heriotzaren arteko tentsio bat azaleratu dut poemetan, eta hari hori itsasoan ikusten da, bien isla delako. Itsasoak berak baino, itsasoaren azpiak hartu du pisua liburuan. Sakonera hori heriotzagaz lotzea suertatu zait gertaera lazgarri baten ostean. Poema guztiak, bat kenduta, duela hilabeteak idatzi nituen. Asko maite genuen eta dugun pertsona baten heriotza etorri zitzaigun, eta gertaera horrek zentzu oso bat eman die nire berbei. Badirudi errealitatea berbei esanahi bat ematera etorri dela. Errealitateak berak eman die gorputza eta zentzua liburuan dauden hainbat poemari.
«Ez dakigu hurrengo besarkadarik egongo den, lagun horregaz berriro egongo garen edo udazkena berriro etorriko den».
Zelan islatu duzu zure barrua poema liburu honetan?
Hau literatura bada ere, apaingarri gutxigaz; ahal den eta biluzien. Non edo non oihartzuna egingo duen moduko joskera edo moldeagaz. Ez dut hasieratik erabaki zeri buruz egingo nuen berba; sortuz eta sortuz joan naiz. Behin baino gehiagotan gelditu dut sortze prozesua nire buruari zeri buruz ari nintzen galdetzeko. Prozesua amaituta ere, ez dut aurkitu zeri nenbilen zehazki idazten, eta horrek buruko min handiak eman dizkit behin baino gehiagotan.
Hala ere, poesiak askatasuna ematen dizu, ezta?
Askatasuna ematen dit, baina kartzela txiki bat ere bada. Poema liburuari buruz hitz egiten dudanean, poemetara itzultzen naiz, eta hizketaldi bakoitzean biluztu egiten naiz, eta etengabe bihurtzen naiz zaurgarri jende askoren begien aurrean. Asko kostatzen zait liburu honetan jorratzen ditudan gaiei buruz hitz egitea, barrua ukitzen didalako eta nire barrenak, oraindik, mugitu egiten direlako.
Zergatik izenburu hori?
Matxe-matxe besarkada bat da; zerbait berezia, geure artekoa. Hitzaren errepikapenak, gainera, beste dimentsio bat ematen dio. Matxe-matxe hori da, maitasuna geure bihurtzea.
«Errealitateak berak eman die gorputza eta zentzua liburuan dauden hainbat poemari».
Zelan aldatu da Mikel Etxabururen lana urte hauetan?
Ezinbestean aldatzen gara. Aldatzeak leku desberdinak hartzea eta begirada desberdinak izatea dakar. Aldaketa horretaz kargutzen naiz, bai fisikoki eta baita mentalki ere. Hala ere, nire idazkera, egia esan, lehen liburutik hasi eta seigarrena den honetara arte, ez dut uste asko aldatu denik. Taupada bera da, sortzeko nahi bera da. Gauza gordinei buruz egiten dut berba, eta poesiak horretarako aukera ederra ematen du. Esentzia hori mantendu dut, eta ez da aurretiaz pentsatutako zerbait. Horrela idazten dut, horrelakoa naiz, horrela irteten zait, eta hori partekatzen dut.
Manttalingo Alaba esperientzia musikatu bihurtu zenuen.
Zoragarria izaten ari da. Manttalingo Alaba Saturrarango emakumeen kartzelari buruzko poema liburua da, eta poema horiek musikatuz, ikuskizun bat sortu genuen. Bi urte daramatzagu emanaldiak eskaintzen, eta jendeak eskatzen jarraitzen du. Irina Alvarez biolin jotzaileak, Jon Gardoki akordeoi jotzaileak, Nerea Zuluaga abeslariak eta nik neuk osatzen dugun taldeari Manttalingo alabak izena jarri diogu, eta orain, Matxe-matxe oholtzara eramateko sortze prozesuan gaude. Lagun handiak gara, musikari bikainak bezain pertsona onak dira, eta argi daukat eurekin hau edo beste edozein gauza egiteak merezi duela. Hitzak, musika eta kantuak uztartuko dituen emanaldia izango da. Geu ikustera datorren jendearentzat giro eder bat sortu nahi dugu; norberarentzako egonaldi txiki bat hartzeko eta sakontasun gutxiko gauzak eskaintzen dizkigun gure gizarte frenetikotik aldentzeko. Ezinbestekoa da albokoagaz edo norberagaz entzuteko eta gustura egoteko tarte bat izatea.
Orainaz gozatzeko tarte bat, ezta?
Esperantzara kondenatuta gaudela esan ohi zuen batek. Beti pentsatzen dugu beste besarkada bat egongo dela, edo «esango diot sentitzen dudana ikusten dudanean», baina ez dakigu hurrengo besarkadarik egongo den, lagun horregaz berriro egongo garen edo udazkenik etorriko den. Orainari buruz hitz egiten du liburuak; iragana josiz eta etorkizunagaz amets egitea ahalbidetzen duen orainaldi bat.