Gaztedik irabazi du Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketako Ispasterko jardunaldia
Kategoria mistoan lehiatu dira Abadiño A, Abadiño B, Gaztedi eta Forua eta juniorretan Goiherri, Gaztedi A eta Abadiño. Ispasterko Udalak "ezustean" hartu du frontoira bertaratu den jendetza.
Zapatu arratsaldean [azaroak 21] sokatira izan zen protagonista Ispasterren. Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketari hasiera eman zioten herriko frontoian jokatu zen lehenengo jardunaldian. Abadiño A, Abadiño B, Gaztedi eta Forua lehiatu ziren kategoria mistoan eta, Laukizko Gaztedi taldea izan zen irabazlea. Lehiaz kanpo, erakustaldia eman zuten junior kategoriako Goiherri, Gaztedi A eta Abadiño taldeek.
Txapelketak ikusmina sortu zuen, udalak esperotakoa baino handiagoa. Harmailak bete-beteta egon ziren. Garbiñe Saenz de Buruaga alkatearen hitzetan, sokatira munduko jendeaz gain, inguruko herrietako jendea ere bertaratu zen. “Giro bizia eta polita izan dugu”.
Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketako hurrengo saioa Urdulizen izango dute datorren zapatuan [azaroak 28]. Finala, berriz, Bakion izango da, abenduaren 12an.