Leartibai Sarien bosgarren aldiak eskualdeko 15 ekintzaile saritu ditu

Leartibai Fundazioak 18.500 euro banatu zituen joan den eguenean [azaroak 19] eskualdeko egitasmoen artean.

Leartibai Fundazioak saritutako ekintzaileak, egueneko sari banaketa ekitaldian.Leartibai Fundazioa

Leartibai Fundazioak 15 ekintzaile saritu zituen joan den eguenean [azaroak 19] Markina-Xemeinen ospatu zuten Leartibai Sariak ekitaldian. “Ekintzailetza bistaratzeko eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emateko” helburuagaz sortu zuten ekimena, eta bosgarren aldi honetan, Bizkaiko Foru Aldundiren, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen, ASSETen, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen eta Lea-Artibai eskualdeko 12 udalen lankidetzagaz, Leartibai Fundazioak 18.500 euro banatu ditu irabazleen artean.

Eskualdeko 65 ekintzailek aurkeztu dute euren proiektua aurten; iazko aldian baino 9 gehiagok. Proiektu parte hartzaileen artean, 2025 eta 2026 artean Lea-Artibai eskualdean negozio berri bat abian jarri duten ekintzaileen 39 egitasmo eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek aurkeztu dituzten 26 negozio ideia egon dira.

Etorkizun gazte bat. Gazteen ekintzailetzak “parte hartze nabarmena” izan duela azpimarratu du Leartibai Fundazioak. Zenbakiak kontutan hartuz, 39 proiektutik 16, 35 urtetik beherako gazte ekintzaileek gidatutakoak dira. Gainera, kontutan hartu dituzte Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleek aurkeztu dituzten beste 26 negozio ideia. Guztira, 42 proiektu gazteen eskutik etorri direla nabarmendu dute.

Emakumeen presentzia nabarmentzeko beharra ikusi du fundazioak, izan ere, 39 egitasmotik 22 emakumeek martxan jarritakoak dira; %56, alegia.

Ekonomia urdina bultzatuz. Berrikuntza bategaz etorri da aurtengo Leartibai Sariak. Fundazioak “ekonomia urdinaren arloan duen estrategia” gogorarazi du, eta aurten jarduera honegaz lotura duten negozioak goraipatu nahi izan ditu. 

25. urteurren ospakizunetan murgilduta dago Leartibai Fundazioa. Urte hauetako ibilbidean egindako lana gogoratzeko, Esti Plaza Ekintzailetza, Merkataritza eta Talentu arduradunak “enplegu datuak, metodologia eta elkarlanaren garrantzia” izan zituen hizpide ektialdian. Leartibai Fundazioak “650 enpresa berri eta 800 lanpostu baino gehiago sortzen lagundu” duela azaldu zuen Plazak. Azken aldian, gainera, “oinarri teknologikodun enpresen ekintzailetzan” arreta berezia jarri dutela azaldu zuen, eta horretarako, Leartiker zentro teknologikoa “bidelagun” dutela azaldu zuen. Gainera, “gaur egun negozioen erreleboarekin dagoen arazoari aurre egiteko”, Pertsianak Zabalik oinordetza programa abiatu dutela azaldu zuen, “hurrengo urteetan izango diren erretiroak aurrez detektatu eta negozio horiei jarraipena emango dieten ekintzaileen bilaketa aktiboan murgilduz”.

“Eskualdeko garapenagaz konprometituta” dagoen erakundea dela argitu zuen Leartibai Fundazioak. Hala, “negozio berriak sustatzeko” bide luzean, “160.000 euro baino gehiago” banatu dituzte “ekintzailetza kultura hedatu, kooperatiba eredua sustatu eta balio erantsi handiko enpresa berritzaileak bultzatzen” jarraitzeko asmoz.

Aipamen berezi bat. Ondarroako Zatozte dendari eta ostalari ekarketearen 25. urteurrena izan zuten hizpide Markina-Xemeingo ekitaldian. Eva Aranbarri elkarteko arduradunak “hunkituta” jaso zuen elkarteari egindako aitortza. Bide “aldapatsu” baten aurrean, lanean jarraituko dutela argitu zuen Aranbarrik.

Zatozte elkartea omendu zuten Leartibai Sariak 2026 ekitaldian

Zatozte elkartea omendu zuten ekitaldianLeartibai Fundazioa

Irabazleak: 

  • Negozio ideia berritzailea – 1.500 €
    • LKT Cryosolutions (Markina-Xemein) – Edilberto Ojeda: Produktu biologikoen manipulazioa errazteko produktu sanitarioen garapena.
  • Ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa – 1.500 €
    • Campers Kai (Ondarroa) – Yerai Flores: Furgoneta txiki eta ertainen kanperizazioa.
  • Merkataritza establezimendua – 1.500 €
    • Lilie: Fragantziak eta Kosmetika (Ondarroa) – Sandy Ordinola: Lurrinak eta kosmetika naturala.
  • Kooperatiba eredua – 1.500 €
    • Nord Auto Markina (Markina-Xemein) – Zouhair El Mahfoudy: Ibilgailuen garbiketa, mantentze-lana, txapa eta pintura.
  • Emakume ekintzailea – 1.500 €
    • Etxea Brillante M&M (Ondarroa) – Maricielo Alexandra Ushiñahua : Etxebizitza, establezimendu eta komunitateen garbiketa profesionala, konfiantzazkoa, hurbila eta kalitatezkoa.
  • Ekintzaile gazteek sortutako enpresa – 5 sari, 1.500 € bakoitza
    • Arnaitz Casco Elektrizitatea (Lekeitio) – Arnaitz Casco: Elektrizitate zerbitzu integrala.
    • Aztarna fisioterapia (Markina-Xemein) – Eneritz Mendikute: Herritarren ongizatea eta osasuna bultzatzea eta beraien min desberdinak arintzea bilatzen duen fisioterapia eta entrenamendu zerbitzua.
    • Gabiola Mindbody (Lekeitio) – Unai Gabiola: Entrenamendua, elikadura eta mentalitatea batzen dituen aplikazioa, plan pertsonalizatuekin.
    • Golko System (Berriatua) – Gael Ortiz eta Danel Gojenola: Negozio oso bat panel batean: webgunea, bezeroak eta fakturak..
    • Zilluta Konponketa Lanak (Amoroto) – Iker Fernandez: Konponketa lanak.
  • Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleen negozio-ideia – 4 sari, 500 € bakoitza
    • Erabili – Juan Camilo Leiva: Etxeetan eta negozioetan noizean behin erabiltzen diren tresna eta materialen alokairu zerbitzua.
    • Innerly – Jon Arrazua, Iraia Aretxabala, Lander Bustinduy eta Amaiur Aboitiz: Pertsonei laguntza emozionala emateko adimen artifizialean oinarritutako aplikazioa.
    • Ecoview (ASETT saria) – Ibane Caballero, Eñaut Cabanillas, Izaga Etxaburu eta Nerea Egia: Betaurreko inklusibo eta biodegradableak.
    • CEM (ASETT saria) – Nicolas Cid: Pertsona nagusiei zuzendutako janari ekologikoa.
  • Ekonomia Urdineko negozioari saria – 1.500 €
    • Aran Elektrizitatea (Ondarroa) – Xabier Aranburu: Instalazio elektrikoak.