Magiaz bete da lehen aldiz Lekeitioko Ikusgarri aretoa
Oier Jurado eta Joshua Kenneth magoek emanaldia egin zuten barikuan, eta 201 lagunek gozatu zuten ikuskizunagaz. Elkarteek, magoek eta publikoak oso balorazio ona egin dute emanaldiaren ostean.
Joshua Kenneth ikusle bategaz oholtzan.Lekeitioko Zinemazaleen Elkartea Gau magikoa izan zuten Lekeition barikuan. Oier Juradok eta Joshua Kennethek magia emanaldia eskaini zuten Ikusgarri aretoan, eta 201 lagun batu ziren magiaz gozatzeko. Markina-xemeindarrak hasi zuen emanaldia 20 minutuko ikuskizunagaz, ondoren galiziarrak bere emanaldi osoa egiteko.
Lekeitioko Zinemazale Elkartea oso pozik dago ikuskizunak lortutako arretagaz: “Lehenengo aldia zen magia ikuskizun bat ekartzen genuena, eta erantzuna oso ona izan zen, espero genuena baino hobea”. Ikuskizuna ere oso polita iruditu zitzaien, eta balorazio oso ona egin dute, bai elkarteko kideek, bai magoek eta baita ikusleek ere. “Amaieran iritziak eta ekarpenak jaso genituen, eta jendea oso pozik agertu zen”.
David Madarietak publiko guztientzako ikuskizuna izatea baloratu du: “Normalean kontzertu edo antzezlan bat ekartzen dugunean, beti da adin batetik gorako ikuskizun bat, baina magia munduak egia da bai pertsona nagusiak eta bai umeak erakartzen dituela. Barikuan argi geratu zitzaigun, ze ume dezente hurbildu ziren gurasoekin, gozatu egin zuten. Bi ume oholtzara igo ziren magia trukoetan parte hartzera, eta magia kit banagaz jaitsi ziren”.
Emanaldiaren arrakasta kontuan hartuta, datorren urte amaiera aldera beste elkarlan bat egiteko asmoa agertu dute, baina beste formatu batean, magia mundua publikora gehiago zabaltzeko asmoari eutsita.