San Andres auzoan auzolana egiteko deia egin du Lekeitio Lagunkoiak

San Andres auzoko jesarlekuak, jolastokia eta konposta gunea txukundu eta margotuko dituzte. Lanak amaituta, hamaiketakoan bilduko dira parte hartzaileak.

Ohi bezala, Lekeitio Lagunkoiak hileroko auzolan saioa egingo du bihar [azaroak 24]. Oraingo honetan, herritarrek San Andres auzoan izango dute hitzordua, 10:00etan, saio horren helburua auzo horretako inguruak txukuntzea baita.

Aurrez auzoko lorategiak garbitu eta ongarritu ostean, bihar auzoko jesarleku, jolastoki eta konposta gunea konpontzea eta margotzea izango dute helburu. Konposta gunea Usotegira eramango dute, “dagoen tokian erabilpenik ez duelako”. Taldearen azken zeregina Basoaldea Enparantzako umeen margo horma margotzea izango da, “umeek toki garbia izan dezaten euren irudiak egiteko”.

Auzolana amaitutakoan, hamaiketakoa egingo dute denek batera. Bakoitzak bere mokadua eramango du, baina Telleria okindegiko ogi desberdinen sorta eta Santo Gozotegiko pastela ere izango dituzte, Lagunkoia taldearen eskutik, herritarrei esker ona adierazteko. Ez dago izena eman beharrik auzolanean parte hartzeko.