Baskaran eta Larruz saritu dituzte mundu mailako gazten artean

World Cheese Awards 2026 lehiaketan zortzi domina irabazi dituzte Markina-Xemeingo gaztagileek. Muniozguren anaiek, gainera, Super Gold garaikurra eskuratu dute; lehiaketako aitortza gorena.

Iban eta Gorka Muniozguren anaiak Larruz gaztaiagaz eta 2026ko World Cheese Awards lehiaketan irabazitako sariagaz. Muniozguren anaiak World Cheese Awards lehiaketan irabazitako sariagaz.Iban Muniozguren

World Cheese Awards 2026 ekimena azaroaren 12tik 15era ospatu zuten Kordoban. Baskaran eta Larruz gaztandegiek euren elaborazioak aurkezu eta zortzi garaikur batu dituzten, hala, Markina-Xemeinek nabarmendu beharreko ordezkaritza izan zuen mundu mailan. 

44 herrialdetako ekoizleak batu ditu aurten lehiaketak, eta milaka gazta batzen ditu urtez urte, munduko hainbat lekutako produktu eta ekoizleri erakusleiho erraldoi baten parte izateko aukera emanez. 

Lehiaketan parte hartu zuten nazioarteko 5.330 gaztaren artean, Iban eta Gorka Muniozguren anaien Larruz gazta dastatzeko aukera izan zuten 51 herrialdetatik etorritako 270 epailek. Super Gold izeneko urrezko saria jaso zuen Santa Eufemia sorleku duen gaztak; 108 elaboraziok baino ez zuten lortu eta lehiaketaren ikur garrantzitsuena da.

Murtziar-granadar ahuntzekin egin izan dute lan anaiek azken 15 urteetan: “Lau hilabete eta erdiko gazta da, amaieran intxaur zapore ukitu bat uzten duena. Zapore leuneko elaborazio bat da”. Egindako lan guztia ahaztu barik, oso eskertuta eta pozik jaso zuen saria Iban Muniozgurenek: “Lan asko ematen duen behar gogorra da. Horrelako sari bat jasotzea asko da guretzat, aitortza handia da”.

Baskaran gaztandegiak Urrezko saria —lehiaketan Gold izenez ezaguna— irabazi zuten gazta onduagaz. Zilarrezko domina bana ekarri dute herrira gazta ketuagaz eta Santamañe gaztagaz. Azkenik, Igotz gaztagaz brontzezko domina eskuratu zuten: “Gure ardi latxen esne gordinagaz egiten dugu gazta, izan ere, esne gordinaren bereizgarrietako bat da osagai gehiago eta hobeak eskaintzen dituela. Gainera, modu estentsiboan egiten dugu lan, gure ardiek bertako larreetatik jaten dute-eta”.

“Pozik” agertu da Bidane Baskaran jasotako sariekin, eta euren bezeroekin ere gogoratu da esker hitzak eskaintzeko unean: “Eurek dira hau posible egiten dutenak”. Sariak, beraz, “aitortza bat” izan direla azaldu du. Hilabete berean beste hiru sari jaso ditu Barinagako gaztandegiak. Azaroaren 1ean Turtziozko gazta lehiaketan hirugarren saria jaso zuten Santamañe gazta onduagaz. Azaroko bigarren astean Zamudioko gazta lehiaketan lehen saria eskuratu zuten Igotz gaztaiagaz, eta azaroaren 14an, sanmartinetako Ermuko lehiaketan bigarren saria eman zien Santamañek.