Desanexioaren urteurrena ospatuko dute ziortza-bolibartarrek

Ziortza-Bolibar herriak desanexioaren 22. urteurrena ospatuko du domeka honetan. Goizean mendi ibilaldia egingo dute herriko hainbat auzotatik.

Duela 22 urte banatu zen Ziortza-Bolibar Markina-Xemeindik. 2005. urteko azaroaren 30 hura gogora ekarrita, Ziortza-Bolibarko herritarrek Desanexio Eguna ospatuko dute domekan [azaroak 29].

Herriko eragile eta elkarteak (Ziortza-Bolibarko Udala, Aranbaltz Kultur Elkartea, Markola Guraso Elkartea eta Kanpape Jubilatuen Elkartea) ohi bezala elkartu dira urteroko ospakizun egitaraua prestatzeko, hala, eguna elkarregaz pasatzeko aitzakiak soberan izango dituzte.

Urteurren berezia izaten da ziortza-bolibartarrentzat, eta herriko komunitatea elkartzeko helburuagaz antolatzen dute eguna. Urteroko mendi ibilbidea prestatu du Aranbaltz Elkarteak. 10:00etan elkartuko dira herriko plazan, eta bi ordu eta erdi eta hiru ordu bitarteko ibilbidea egingo dute: Ziortza, Gontzugarai, Ziarregi, Zeinke, Zabale, Estakua, Iruzubieta eta Altza auzoak zeharkatuko dituzte, berriro plazan amaitzeko.

Ibilaldian parte hartuko dutenek mokadu batzuk jateko aukera edukiko dute elizpean, eta trikitilariak ere izango dituzte giroa musikatzeko. Hala, jan eta edanaren bueltan amaituko dute herritarrek urteurrenaren eguna.