Erroak Loran jaiak Berriatua hartuko du aste honetan

Barikuan [azaroak 27] Goikolau Saria emango diote Berriatuko Zesta Eskolari eta zapatuan [azaroak 28] Erroak Loran jaian krosa, sagardo dastaketa, erraldoien kalejira, bazkaria eta erromeria egongo dira, berriatuarrek egunaz gozatu dezaten.

Iazko erraldoien kalejira Erroak Loran egunean.Mikel Reina Barros

Azaroaren amaierara helduta, berriatuarrentzat garai berezia izaten da, Erroak Loran jaia ospatzeko egunak heltzen baitira. Aurtengo honetan, barikuan [azaroak 27] egingo dute Goikolau Sariaren ekitaldia eta biharamunean, zapatuan [azaroak 28] izango da jai nagusia: Erroak Loran eguna.

Goikolau Saria Berriatuko Zesta Eskolari emango diote, hainbat urtetan saria emateko izenen artean egon eta gero. “Zesta eskolari hainbeste urtean eman barik egon gara. Sarituaren inguruko datu jasoketa bat egiten dugu aurrez, dokumental bat, besteak beste. Zesta eskola pilota munduagaz lotzen genuen, eta bertigoa ematen zigun beti horren datu jasoketagaz hasteak. Aurten, baina, animatu, eta dokumentala zesta eskolako jende esanguratsuagaz egin dugu, eta aurrera atera dugu”, adierazi du Joseba Goienola alkateak.

Ekitaldia 19:30ean izango da Mendibarren frontoian. Bertan, sariaren aurkezpena egingo dute, dokumentala proiektatu, kantatu, eta zesta kiniela erraldoiagaz itxiko dute ekitaldia.

Ehun gazte eta nagusik tanto bakarrera jokatzen den kiniela jokatuko dute ordu beteko tartean, eta herritarrei bertaratzeko deia egin die Goienolak: “Zesta Eskolako kide guztiek hartuko dute parte kiniela erraldoian, etorri animatzera eta bete dezagun Mendibarren frontioa goraino!”. 

Zapatuan, goizean goizetik hasiko da Erroak Loran eguneko egitarau zabala. 10:30ean hasiko dute eguna Berriatuko IV. Krosagaz. Iaz egin zuten lehenengo aldiz jaiaren egunean, eta lortutako arrakastagaz, erabaki ona izan zela ikusi zuten udaletik, herritarren parte hartze handia egon baitzen: “Bigarren urtea da Erroak Loran egunean egiten dena, lehenago beste egun batzuetan egiten zen, baina ez zuen arrakasta handirik. Beste ekintzaren bategaz bat egiten zuen, eta Erroak Loran egunean eginda, herritarrek parte hartzea lortzen da. Hori da gure helburu nagusia”.

Parte hartzaileek egunean bertan o9:30ean emango dute izena, eta dohainik izango da. Lasterketaren irteera 10:30ean izango da. Herriko plazatik atera, eta 5 km-ko ibilbidea edukiko  du. Itzuli bat edo bi eman ahal izango dira, eta amaieran, Hemen Bertokoa eta Spiuk-en eskutik sariak zozkatuko dira parte hartzaileen artean. 

Lakaerdiko sagardo dastaketa da berritasuna. Dastaketa 12:30etik 14:30era izango da, eta bitartean, erraldoien kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, 13:00etan hasita.

Jaiaren elkargune nagusia bazkaria izaten da, herritar guztiak frontoian batuta bazkaltzen duten unea. Iaz 350 lagun batu zituen bazkariak, eta aurten ere beste horrenbeste batzea espero dute: “Azken orduan jakiten dugu, baina kopuru horretan ibiltzen gara. Urtero nahikoa errepikakorra da kopurua, eta zerbait aldatzen bada, gora egiten du”. Txartelak oraindik eskuragarri daude udaletxean. Bihar da bazkarirako txartelak eskuratzeko azken eguna, 15:00etara arte.

Ërroak Loran jaia Argitu taldearen erromeriagaz amaituko dute. 19:3oean hasita.

Herri guztiak eta elkarte guztiek parte hartzen duen egunak izanda, Goikolau Elkarteak eta Berriatuko Udalak, berriatuarrak eskertu eta zoriondu nahi dituzte. “Herri bizi bat da, eta horren isla argia dira egun horietan egiten diren ekintzak eta parte hartzen duen jendea, hau guztiau aurrera ateratzeko hainbeste lan egiten duena”.