Jaki, produktu eta animaliarik ez da faltako Aulestian zapatuan
Aulestiko Udalak bosgarrenez antolatuko du bertoko ekoizle, artisau eta animalien azoka, herriko frontoian. Arratsaldean Euskal Herriko orga, lasto botatze eta lasto jasotze txapelketa egingo da.
Iaz salerosketan aritu ziren herritar eta ingurukoak.Mikel Reina Barros Zapatuan [azaroak 28] egingo den Aulestiko V. Azokak osagai ugari izango ditu bertaratzen diren guztiek egunaz gozatzeko eta nahi beste erosketa egiteko: bertoko ekoizle, artisau eta animaliak.
Azoka 10:30ean irekiko da eta 14:30era arte egongo dira, bertoko produktuak erostera joan nahi duen edonorentzat. Inguruko ekoizle eta artisauen hemeretzi postu egongo dira frontoian, horietatik hiru postu aulestiarrenak izango dira: Neï, bestelako produktuak salduko dituztenak; Artilezko ametsak, joskintzari lotutako postua eta Rustica&Co, ohe-arropak jarriko dituzte salgai. Herriko eta eskualdeko baserrietako animaliak, ostera, Zerrategiko zelaian egongo dira ikusgai.
Unai Eskudero Aulestiko bizilaguna ere bertan egongo da: aulkien artisautzako erakustaldia emango du eta, hala, aulkiak egingo ditu zuzenean azokan bertan. “Artisau ekoizleez gain, urtero erakusketa berezi bat jarri nahi izaten da, eta hala egingo du Eskuderok erakustaldia”.
Herriko elkarteei ere urtero eskaintzen diete postua jartzeko aukera, eta aurten bertan egongo dira Aulestiko Eskolako Ikasbidaia, DBH Ikasbidaia, Gazte Asanblada eta Euskaraldia taldea. Azken horrek Ondare taldeagaz elkarlanean egitarau bateratua sortu du urte amaierara begira, eta postua elkarbanatuko dute azokan. Gazte Asanbladak, aldiz, txosna jarriko du, jan- edanagaz.
Horrez gainera, Lea Artibai Landa Garapenak Aulestira eroango du azokaz azoka daraman Lea Artibaiko emakume baserritarren erakusketa proiektua. Lea Artibaiko emakume nekazariak izenburupean, eskualdeko hainbat emakume baserritarrei buruzko informazioa egongo da bertan ikusgai.
Trikitilariek girotuko dute azoka, eta arratsaldean ere izango da zer ikusia frontoian bertan. 17:30ean Euskal Herriko orga, lasto botatze eta lasto jasotze txapelketak osatuko du Azoka Eguna.