Olentzero eta Mari Domingiren jairako auzolanera deitu dituzte herritarrak

Lekeitioko Udalak abenduaren 23ko jaia prestatzeko auzolanerako deia egin die gazte zein heldu lekeitiarrei. Azaroaren 29a da izena emateko azkenengo eguna.

Gabonak hurbiltzen ari diren honetan, Olentzero eta Mari Domingi etortzeko ere gero eta gutxiago falta da, eta Lekeitioko Udalak herritarrei zuzendutako auzolanerako deialdia zabaldu du abenduaren 23an antolatuko duten jaian parte hartu eta laguntzeko. Jaian parte hartu ahal izateko izena emateko azkenengo eguna azaroaren 29a izango da.

Zeregin desberdinak izango dituzte izena emango dutenek. Horregatik, gazteen eta helduen zereginak bereizi dituzte. Alde batetik, herriko gazteek galtzagorriak eta kinkin eramaleak izateko aukera edukiko dute, eta udalak Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBH 1. eta 2. mailako gazteei dei egin die bereziki, animatu daitezen.

Bestetik, helduek ere bi aukera izango dituzte. Kalejirako laguntzaileak izan daitezke, kalejira egiten den bitartean gazteei laguntzeko eta «dena ondo antolatuta» egoteko. Gaztainen prestaketako laguntzaileak izateko ere beharko dute jendea, abenduaren 23aren aurretik gaztainak moztuta prest uzteko eta egunean bertan prestatzeko eta herritaren artean banatzeko.

Udalak Gabonetako jaia antolatzeko eta aurrera eramateko auzolanaren garrantzia nabarmendu die lekeitiarrei: «Jai hau denontzat berezia izan dadin, auzolana ezinbestekoa da. Animatu eta parte hartu!».