Salgai daude Kontzezioko Bertso Jaialdirako sarrerak
Abenduaren 8an Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Aitor Etxebarriazarraga eta Xabal Illarregi igoko dira Uni frontoiko oholtzara. Sarrerak salgai daude.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa bete betean murgilduta daude han eta hemengo bertsozaleak, hala ere, Markina-Xemeinek eskualdeko zaleentzat ezinbesteko bihurtu den hitzordua dakar beste urte batez. Abenduaren 8an Uni pilotalekuko oholtza beteko dute Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus, Aitor Etxebarriazarraga eta Xabal Illarregik. Eurekin batera, Ainhoa Urien ariko da gai jartzaile lanetan.
17:30ean ekingo diote jardunari, eta saio bereziaren lekuko izateko aukera egongo da 12 euroren truke. Ateun harategian eta Tate gozotegian eskuratu ahalko dira sarrerak. Sarrerarik gelditzekotan, leihatilan salgai jarriko dituzte egunean bertan.