San Andres jaiak ate joka dituzte Etxebarrian
Astelehenean [azaroak 30] San Andres Eguna ospatuko dute, eta hurrengo domekan [abenduak 6] Euskararen Egunaren bueltan bilduko dira. Etxebarriko Udalak jaietara hurbiltzeko deia egin du.
Iritsi da azaro amaiera, eta Etxebarrian San Andres jaiak hartuko dituzte datorren astean: astelehenean [azaroak 30] San Andres Eguna ospatuko dute eta abenduaren 6an egingo duten Euskararen Eguneko ekitaldia ere jaien baitan egingo dute.
Astelehenean egun handiari hasiera emateko, herritarrek 11:00etan dute hitzordua mezarako, eta ostean, 11:30etik 13:30era, herri kirol jokoak izango dira umeentzako gozagarri.
Arratsaldean, 16:00etan, briska txapelketan batuko dira. Bi kategoriatan jokatuko dute: 17 urtetik beherakoak eta 18 urtetik gorakoak. Izena 10 minutu aurretik eman beharko dute. Txapelketaren ostean, San Andres kartelen lehiaketako sari banaketa egingo dute. Egunari amaiera mokadu artean emango diote; izan ere, sari banaketaren ostean, umeek afari-merienda bategaz gozatu ahal izango dute eta, 20:00etan, herritar guztientzako afaria eskainiko dute.
Jaiek Euskararen Egunari lotutako ekintzekin edukiko dute jarraipena abenduaren 6an. Izan ere, “herria asnasgunean dagoen heinean euskararen alde” egin nahi dutela adierazi dute udaletik, eta, horretarako, ekitaldi aberatsa prestatu dute Kultur Aretoan.
Alde batetik, Esnatu proiektuaren berri emango dute (zein izan den balorazioa, zeintzuk izango diren hurrengo pausoak) eta, bestetik, herritarrentzako ekintzak egongo dira, 12:00etan hasita. Eskolako umeak bertsotan ariko dira alkarregaz, eta ondoren, hirugarrenez egin duten Ipuin Laburren Lehiaketako sariak banatuko dituzte. Ekitaldiari jubilatuen kantekin emango diote segida, eta jan-edanagaz amaituko dituzte bai ekitaldia eta baita sanandresetako ospakizunak ere.
Etxebarriko Udalak jaietara hurbiltzeko deia egin die herritarrei, sanandresak “jai giro politean” ospatzeko.
EGITARAUA
- Azaroak 30, astelehena. San Andres eguna.
- 11:00. Meza.
- 11:30-13:30. Umeentzako herri kirol jokoak.
- 16:00. Briska Txapelketa herritarrentzat.
- Ondoren. San Andres kartelen lehiaketako sariak banatzea.
- Gero. Herriko umeentzat afari-merienda.
- 20:00. Afaria, herritarrentzat.
- Abenduak 6, domeka
- 12:00. Euskararen Eguneko ekitaldia, Kultur aretoan: bertsoak (eskolako umeak), III. Ipuin Laburren Lehiaketako sariak banatzea, kantak (jubilatuak), kopaua.