Zapalkuntza guztien aurka batu da Lea-Artibai
Mutrikuko eta Lea-Artibaiko herritarrek kaleak hartu dituzte "sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalista" seinalatzeko.
Lekeitioko mobilizazioa. Indarkeria matxistaren aurkako aldarriak ozen entzun ziren atzo, Azaroaren 25ean. Zapalkuntzak betikotzen dituen “sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistan” begirada jarri eta Mutrikuko eta Lea-Artibaiko herrietako kaleak betetzeko deia egin zuten eskualdeko eragile feministek. Dei horri sendotasunez erantzun zioten “zapalkuntza handiena jasaten duten” han eta hemengo emakumeek, pertsona arrazializatuek eta sexu-genero disidenteek.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren bide beretik jarraitu zuten Markina-Xemeinen, Lekeition eta Ondarroan, eta arratsaldean Ez ginen atzera egiteko jaio lelopean ekin zioten mobilizazioei hiru herrietan. Ondarroako Udalak diskurtso misoginoen aurrean “isiltauna haustea eta negazionismoari aurre egitea eta erasotuak direnei laguntzea” beharrezkoa dela adierazi zuen atzo argitaratu zuten. Mutrikun ere, aldarri berak zabaldu dituzte kalerik kale.

Mutrikuarrek kaleak hartu dituzte.
Markina-Xemeingo Udalak “gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta emakumeen aurkako indarkeriari gabeko” bat eraikitzeko, herritarrak “jarrera bat hetzera eta konponbidearen parte izatera” gonbidatu dituzte. Morelarre Talde Feministak egin zuen Markina-Xemeinen batzeko deia, eta arkupetik hasita, indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio zaratatsuari ekin diote. Isiltasunak bete zituen arkupeak azken urtean Euskal Herrian eraildako Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie gogora ekartzean: “Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko”.
Morelarreko kideek “zapalkuntzak izendatzeko” beharra azpimarratu dute mobilizazioan. Transfobiaren “areagotzea” seinalatu dute, izan ere, argi ikusi dute “gero eta zurrunagoa” dela “mandatu zis-heterosexuala” eta “gero eta gehaigo” direla pertsona trans eta trabestien aurkako gorroto mezuak: “Identitatea ukatzeagaz hasi, ideia TERFekin jarraitu eta emakume zisentzat mehatxu garela esateraino”. Horren aurrean, borrokan jarraituko dutela argitu dute: “Egungo testuinguruan eta etorri ahal denaren aurrean autodefentsa transfeminista antolatzen jarraituko dugu”.
Itaiak gaur egungo “egoera larria” azpimarratu du Ondarroan. Beste urte batez, matxismoak “lehen mailako arazoi izaten” jarraitzen duela azaldu dute: “10.000 emakume baino gehaigo izan dira erasotuak, adingabekoen aurkako indarkeriak gora egin du eta 5 emakume erail dituzte”. Guzti horren aurrean, “norabide sozialista argi batekin”, matxismoaren aurkako mugimendu “indartsu bat” eraikitzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Lekeitioko Udalak indarkeria «egiturazko arazo» bat dela aldarrikatu du. Emakume migratuak, arrazializatuak, sexu genero disidenteak defendatuko dituen borrokan, «Mugimendu Feminista eredu» dutela aldarrikatu dute. Herriko ikastetxeetako ikasleek udaletxean izan dute hitzordua; Pleno Txikia egiteko batu eta gazteek «aho batez» onartu zuten emakumeenganako indarkeriaren kontrako adierazpena. Arratsaldean, Lekittoko Mugimendu Feministak deituta batu dira lekeitiarrak.

Gazteenek hausnarketarako tartea izan dute.Lekeitioko Udala
Mendexarrek eguerdian egin zuten elkarretaratzea, eta Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Ispasterren, Munitibarren arratsaldez egin zuten aldarria. Amorotoko eskolako ikasleek euren ardura eta eskaerak eskulanen bitartez gorpuztu zituzten Bedintasunaren isla izatea oinarri hartuta. Ziortza-Bolibarren umorea izan zuten lagun; Ainhoa Etxebarriak eta Nerea Gartziak Baga ala ez ga? antzezlana eskaini zuten elkarretaratzearen aurretik. Gizaburuagarrak domekan batuko dira puntu morea jartzeko eta herritar guztiak indarkeriaren aurka agertzeko eta aho batez jarrera eta diskutso erreakzionarioak gaitzesteko.