Merkatuko euskarazko berritasunak eskura izateko katalogoa

Euskarazko Produktuen Katalogoaren 28. edizioa argitaratu dute Euskal Herriko udal eta mankomunitateetako 95 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok.

Duela 28 urte hasi, eta oraindik jarraitzen dute Euskal Herriko udal eta mankomunitateetako 95 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok Euskarazko Produktuen Katalogoa urtez-urte sortzen eta berritzen. Hala, aurten, 28. edizioa osatu dute, eta katalogoaren paperezko 58.000 ale banatu. 

Bizkai, Araba eta Gipuzkoan ari dira aleok banatzen, eta antolatzaileek nabarmendu dute, iaz bezala, aurten ere paperezko katalogoak bi azal izango dituela: “Azal batek sarbidea ematen die 12-16 urte bitarteko gazteentzat
eskaintzen diren produktuei, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei”. Gaineratu dutenez, aurkezpen horri esker “produktuen bilaketa nabarmen errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari”.

Hala ere, gogoratu dute paperezko edizioak ez dituela erakusten katalogoa.eus web orrian jasota dauden produktu berri guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: musika, filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala, kasuan kasu.

Izan ere, internet bidezko katalogoa maiztasunez eguneratzen dute, argitaratzen diren produktu berriak gehituz eta deskatalogatu direnak kenduz. “Katalogoaren webgunea bizi-bizirik dago. Orain, 8.600 produktu inguru biltzen ditu bi atal nagusien artean”, azaldu dute.

Gainera, atal bakoitzak bere direktorioa duela diote, horrela, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztuz: “Modu horretan bilaketa asko errazten eta hobetzen dela uste dugu, produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin tartearen edota prezioen arabera bisitatu daitezkelako”. 

Finean, katalogoaren helburuari eutsiz berritzen eta osatzen dituzte urtez-urteko ale berrituak: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken berritasunak erabiltzaileen eskura jartzea.