Arrain kontsumoa eta belaunaldi berriak lotu nahi dituzte
Arrain kontsumoa belaunaldi berriekin "konektatzeko" kanpaina aurkeztu dute gaur 10:30ean Ondarroako lonjan egin duten ekitaldian. OPPAOk eta Basque Food Clusterrek lankidetzan egindako eta Europako Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak kofinantzatutako kanpaina da.
Mikel Ortiz, Ixone Soroa eta Jon Ander Egañak aurkeztu dute.Naia Laka Arrizubieta Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteak (OPPAO) eta Basque Food Clusterrek eindako azterketetan euskal gazteen artean arrainaren kontsumoak izan duen beherakada ikusita, kanpaina berri bat aurkeztu dute kontsumo hori eta belaunaldi berriekin konektatzeko. Kanpaina Arrain-ekin proiektuaren baitan sortu dute, OPPAOren sustapenagaz eta Basque Food Clusterregaz elkarlanean. Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ekimena da, FEMPA 2025 funtsel lagunduta.
Ekitaldia Ondarroako lonjan izan da gaur 10:30ean. Bertan izan dira Mikel Ortiz OPPAOko gerentea, Jon Ander Egaña, Basque Food Cluseterreko zuzendari nagusia eta Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria eta kanpainaren azalpenak eta xehetasunak eman dituzte.
Gaur egungo gazteen elikaduran arrainak gero eta presentzia txikiagoa duela azpimarratu dute, sektorea joera berrietara egokitzeko eta herritarrei aldaketa horiek helarazteko lana egiten ari dela adierazi dute.
Kanpainaren jatorria eragileek egindako azterketa propioetatik ateratako datuetan dago. Datuak biltzeko, merkatu-azterketa bat, kontsumo ohituren azterketa bat eta merkatuaren joeren beste azterketa bat egin zituzten. Lortutako emaitzekin, gazte talde bat euskal ekonomia urdinaren sektoreagaz batu zuten eta focus group baten bidez datuak kontrastatu zituzten. Baieztatutako datu horien bitartez egiaztatu zuten, Espainian arrain gehien kontsumitzen den autonomia erkidegoa Euskadi bada ere, kontsumoa nabarmen jaitsi dela orokorrean, baina batez ere gazteen artean. Duela 15 urte, pertsonako urtean 30 kilo inguru kontsumitzen ziren, gaur egun pertsonako batez beste 23,18 kilokoa da kontsumoa (Espainian 17,83 kilokoa).

Kapainari buruzko xehetasunak eman dituzte.Naia Laka Arrizubieta
Ekimen berriak martxan
Joera horri balazta ipintzeko asmoagaz, sektoreak hainbat ekimen martxan jartzeaz gain, “Arrainari buruzko mitoak” (mitosdepescado.eus) webgunea eta arraina prestatzeko zailtasunari edo prezioari buruzko estereotipoei aurre egiteko bi gida prestatu ditu, identifikatutako mitoak baztertzen lagunduko dutenak. Gidek informazio praktikoa eskaintzen dutela adierazi du Jon Ander Egañak: arraina eguneroko dietan sartzeko errezeta erraz eta originalen ideiak, eta ze ebaki mota desberdinen azalpenak eta bakoitzaren prestaketa motari buruzko xehetasun praktikoak.
Sushia, cevichea, tatakia eta tartarra bezalako errezetak ere aipatu ditu, gure gizartean berriak direnak eta normalizazioaren adibideak direnak. Errezeta horiek herritarren ia %30ek kontsumitzen dituzte, eta “gazteenarengana ideia eta proposamen berritzaileekin” iritsi daitekeela erakusten dutela esan du, arraina erabilitako errezetak “modernoak, originalak eta kontsumitzen errazak” ere badirela pentsaraziz.
Gazteengana heltzeko bideak
Mikel Ortizek argi-ilunak ikusten dizkie datuei: “Euskadik arrantza-tradizio oso errotua du, eta hori kontsumo-ohituretara ere hedatzen da; izan ere, pozten gaitu ikusteak, Estatuan oro har izandako beherakadaren aurrean (%36), autonomia-erkidegoa oraindik ere arrainaren kontsumoaren buru dela. Baina kezkatzen gaitu joera hori belaunaldi gazteenetara ez zabaltzeak, haiek baitira etorkizuna”. Gaur egungo bizimoduaren erritmoak arrainaren aurretik beste aukera batzuk lehenesten dituzte, “erosoagoak” edo “azkarragoak” direnak.
Ortizek gazteei “gauzak erraztu behar dizkietela” adierazi du, eta horretarako, “kontserba, izoztu eta prestatutako produktuen kalitatezko sorta indartzeko, etxeko sukaldaritzaren tankerako proposamen batekin” lanean ari direla jakinarazi du, baita arrain saltsaileen arreta belaunaldi berrien beharretara egokitzeko aukeretan ere. Aldaketa horiekin arraina gazteentzako aukera erosoa eta hauen eguneroko bizitzan naturaltasunez kontsumitzen dituzten beste aukera batzuk bezain erosoa eta bateragarria izan daitekeela erakutsi nahi dute.
Gazteek arraina erosteko zein sukaldatzeko konfiantza irabazteko beharrari ematen dio garrantzia Egañak: “Gazteek arrandegira joateko beldurra galtzea nahi dugu; erakusmahaien aurrean kikildu gabe senti daitezen eta galdetzeko edo aholkua eskatzeko lotsa alde batera utz dezaten. Era berean, arraina plater moderno, original eta kontsumitzeko errazen oinarri izan daitekeela ikus dezatela nahi dugu, sukaldatzeko modu berrietara egokitua, hala nola, airfryerra erabiltzera, eta eguneroko bizimoduaren erritmo azkarrarekin bat datorrela”.
Ixone Soroak, bere aldetik, sektoreak estrategikoa izaten jarraitzeko, euskal gizarteak balioan jartzea funtsezkoa dela azpimarratu du, eta, horren haritik gehitu du, azterketak emandako emaitzek agerian uzten dutela inork ez dituela arrainaren nutrizio balioak eta jatearen onurak zalantzan jarri. Hala ere, bere esanetan, kontsumo ohiturak ezagutza horregaz bat datozenik ere ezin daiteke esan. Horregatik, egindako azterketaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Dena ezin zaio azken kontsumitzaileari leporatu, eta, horregatik, horrelako lanak oso garrantzitsuak dira, sektorea bera oztopoak identifikatzeko eta gainditzeko ahalegina egiten ari delako; batez ere sektore gazteenaren artean, prezioaren pertzepzioarekin eta prestatzeko zailtasunarekin zerikusia dutenak, antza denez”