Berriatuko eta Lekeitioko ikasleak saritu ditu Arnasetik Lehiaketak
V. Arnasetik bideo lehiaketak euskararen erabileraren alde egindako hausnarketa eta lana saritu zituen atzo, Lekeition.
Berriatuko ikasleak saria jasotzen. Arnasguneetako gazteen talentua aitortu du Lekeition Arnasetik Lehiaketaren sari banaketak beste urte batez. Lekeitioko Ikusgarri zinemak hartu zuen atzo Arnasetik lehiaketaren bosgarren aldiko sari banaketa ekitaldia, eta Berriatuko Herri Eskolako, Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Eskolako, Lekeitioko Herri Eskolako eta Azkue Natura Ikastolako ikasleak saritu zituzten bertan.
LH 5 eta 6ko ikasleen kategorian, Lekeitioko Herri Eskolako ikasleei Ander Goikoetxea Lekeitioko Udaleko euskara zinegotziak eman zien Herriko Lanik Onenaren Saria, Potxuak ikus-entzunezkoagatik. Kategoria horretan, Gernika-lumotarrek lehiaketako sari gorena jaso zuten Iratxe Lasa Markina-Xemeingo alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidearen eskutik: Gure plaza, gure berba: Badaki, ala ez daki? bideoa kategoriako onena izendatu zuten. Lekeitioko Ikastolako ikasleek DBH 3-4 kategoriako herriko lan onenaren saria eskuratu zuten, Telefonoa eskuan eta euskara ahoan bideoagaz eta Berriatuko ikasleek, aldiz, publikoak boto bidez hautatutako bideo onenaren saria jaso zuten Bazenkixen? lanari esker.
Lekeitioko esaerak eta kultura erdigunean jarri, eta kalera atera dira herri eskolako ikasleak bideo baten herritarren ezagutza neurtzeko. Azkue Natura ikastolan mugikorraren erabilerari buruz hausnartu eta sare sozialek aldatu dituzten hizkuntza ohiturak mahaigaineratu dituzte. Berriatuarrek umorez betetako lana osatu dute herritarren parte hartzeagaz eta laguntzagaz, kultura eta esaera zaharrak oinarri hartu eta publikoak bereziki gustuko izan duen lana sortuz. Allende Salazar eskolako ikasleek herriko astelehenetako azoka eta bertako esamoldeak baliatu dituzte herria bizirik mantentzen duten ekoizleei ikusgarritasuna emateko.
Antolakuntzak nabarmendu du guztira 230 lan jaso dituztela eta publikoaren saria hautatzeko herritarrek 4.200 boto eman dituztela. Lehiaketan, gainera, arnasguneetan dauden ikastetxeez gain, «arnasgune txikietako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeek ere» parte hartu ahal izan dute.
Hartara, Euskal Herri osoko 34 udalerri inguruko ikasleek aurkeztu dituzte euren lanak, eta Lea-Artibaik, Mutrikuk eta Busturialdeak ordezkaritza izan zuten atzo, Bermeo, Berriatua, Gernika-Lumo, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroagaz.
200 pertsona baino gehiagok bete zuten atzo Ikusgarri aretoa Arnasetik lehiaketako sari banaketan. Iholdi Beristain eta Kimetz Etxabe aktoreek gidatu zuten ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko, UEMAko eta Lekeitioko Udaleko ordezkariak izan ziren ikasleek sortutako bideoen eta euskarari buruz egindako hausnarketaren lekuko.
Sormen ikusgarri bat. Arnasgune diren udalerriei «dagokien aitortza egitea eta bertako herritarrak ahalduntzea» da, urtez urte, Arnasetik ekimenaren helburu nagusia. Ikasleek xede berari heldu, eta arnasgune izaera balioan jarri dutela argi erakutsi zuten atzo azken hilabeteetan egindako lanen bitartez.
Arnasetik Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk elkarrekin sustatutako Arnasa Gara ekimenaren baitan antolatutako lehiaketa da. Euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko helburua du ekimenak, eta aurten ere, «arnasguneek duten garrantzia jendarteratu eta euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmendu» dute Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zenbait gaztek euren ikus-etzunezko piezen bitartez.