Bilboko erailketa matxista salatzeko mobilizatuko da eskualdea
Gizon batek bere bikotekide ohia labankadaz hil du, Bilbon. Biktima Ertzaintzaren babespean zen, eta erasotzaileak urruntze agindua zuen. Gertakari horren aurrean, Lea-Artibai mobilizatu egingo da: elkarretaratze eta kontzentrazioak ditu dituzte nonahi.
Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko eguna pasatu berri, Euskal Herrian beste hilketa matxista bat izan da. Bart gauean, gizon batek bere bikotekide ohia labankadaz hil zuen, Bilboko Indautxu Auzoan. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 34 urte zituen emakumeak, eta ustezko hiltzaileak, berriz, 47. Gurutzetako Ospitalean hil zen emakumea. Hala nola, indarkeria matxistak aurten eraildako seigarren emakumea izan da.
Bilboko Udalak gaur goizean elkarretaratzea deitu du, besteak beste, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak nabarmendu du ustezko hiltzaileak biktimarendik urrun egoteko agindua zuela: “Ustezko hiltzaileak agindu bat zuen emakume honengandik urruti egoteko. Hala ere, etxe horretan bizi zen: bizitza lapurtu dion emakumearekin bizi zen”.
Halaber, biktimak Ertzaintzaren aurretiazko babesa zuela gaineratu du Zupiriak, eta azaldu du hilabete guzti hauetan “etengabea” izan dela biktimaren egoeraren berri izateko familia eta genero indarkeriaz arduratzen diren ertzainen “lana eta ahalegina”.
Hala ere, hartutako neurriak ez dira nahikoa izan, segurtasun sailburuaren berbetan: “Gure erakundeetatik hartutako neurri guztiak ez dira nahikoa izan emakume honen bizitza salbatzeko. Honek adierazten digu, alde batetik, nahita-nahiezkoa dela ahalegin honetan aurrera lanean jarraitzea, eta gizartean estrukturala den arazo honi aurre egiteko hartu behar diren neurri guztiak hartzen jarraitzea. Bestetik, biktima diren emakumeen egoerak zaintzeko eta dituzten beharrizanei aurre egiteko dagoen zailtasuna ere agerian uzten du”.
Eskualdea, adi
Gertakari horren aurrean, Lea-Artibai ez da atzean gelditu, eta gertakaria salatzeaz gain, herri desberdinetan mobilizatzeko eta biltzeko deia egin dute. Hala nola, indarkeria matxistaren aurka borrokatzen jarraitzeko hamaika hitzordu zehaztu dituzte.
Lea-Artibaiko Itaiak, bere batetik, “egoera larria” dela salatu du: “Ezin dugu emakumeon aurkako indarkeriaren eta erasotzaileen inpunitatea normalizatu. Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako mugimendu indartsua eratzeko momentua da. Antolakuntzaren eta mobilizazioaren bitartez, matxismoaren aurkako borroka zabaldu behar dugu. Matxismoaren aurpegi gordinenaren aurrean ere kalera aterako gara”.
Bestalde, Ondarroako Udalak eta Etxelilak gaurko jarri dute hitzordua. Alamedan elkartuko dira, 19:00etan, azken erailketa matxista salatzeko kontzentrazioa egiteko. Markina-Xemeinen ere zabaldu dute kontzentrazioan biltzeko gonbita, gaurko. 19:30ean batuko dira, Udaletxe parean.
Lekeitioko Mugimendu Feministak, ordea, domekarako (azaroak 29) deia zabaldu du, 13:00etan Eskolapean elkartzeko.