Xabier Garate berriatuarra, 'El conquistador del Pacifico' saioko kapitain
Berriatuarrak Beda Kayirua talde gorria zuzentzeko ardura edukiko du. Seletak taldea bide onetik zuzentzeaz gain, muturreko beroari, hezetasunari, goseari eta egarriari egin beharko dio aurre.

Aurreko astean hasi zen El conquistador del Pacifico saioa ETB2 telebista katean. 33 partaide batu dituzte aurten abenturari ekiteko, eta Xabier Garate Kaltzakorta Seleta berriatuarra reality-ko talde bateko kapitain modura aukeratu dute.
Seletak, hain zuzen ere, Beda Kayirua talde gorria zuzentzeko ardura edukiko du. Kapitainen izenak aurreko asteko debatean jakitera eman bazituzten ere, astelehenean [urtarrilak 21] emititu zuten bigarren atalean ezagutu zuten zer talde zuzentzeko aukeratu dituzten.
Hamabosgarren aldia du aurten telebistako saio ezagunak, eta aurten, estreinako, Panaman egin dute grabaketa, Las Perlas uhartean. Seletak taldea bide onetik zuzentzeaz gain, muturreko beroari, hezetasunari, goseari eta egarriari egin beharko dio aurre.
Kapitain estreinatu berriak programan lan polita egiteko asmoa dauka. Esperientziarik ez zaio falta; iaz, El Conquistador del Caribe saioko finalista izan zen, eta 2017an, Izan Invictus lehiaketa ere irabazi zuen.