Alain,Txapeldun jaialdia (Aulesti)
Alain Kortabitarte Bilbaori laguntzeko Alain, Txapeldun! kanpaina eta jaialdia antolatu ditu Aulestiko Urzabal guraso elkarteak. Jaialdia uztailaren 9an ospatuko da Santa Eufemiko zelaian. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta helburua Kortabitarterentzako laguntza gehiago biltzea da. Jaialdian parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute. Izen ematea bonu laguntzetako eta karteleko QR kodearen bidez eman beharko da.
Egitaraua. 10:00etan emango diote hasiera jaialdiari, Zapolako trintxetera eta bunkerretara egingo duten bisita animatuagaz. Era berean, lehenengo ekimen horretarako izena ematea derrigorrezkoa izango da, bonu laguntzetako eta karteleko QR kodeetan leku mugatuak egongo baitira. 13:30ean ume eta nagusien bola txapelketa egongo da eta bazkaldu ostean, bertsolariek hartuko dute hitza. 18:00etan, Menke-Hennekam sindromea abiapuntutzat hartuta, espresuki jaialdi horretarako sortutako antzezlan bakarra emango dute. Egun osoan taberna zabalik egongo da, musikagaz girotuta.