15 urte eta gero... Etxebarria berriro Ueman
1991. urtean sortu zen Uema, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Uema. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalak biltzen dituen mankomunitate bakarra da, eta euskarak batzen ditu bertan parte hartzen duten herri guztiak: bertako udalerrietan %70ak baino gehiagok daki euskaraz. Herritarrek arlo guztietan euskaraz bizitzea posible izateko lan egiten du mankomunitateak, eta euskararen eremua zabalduz joatea da bere helburuetako bat.
1991. urtean, 19 udalek hartu zuten parte sorreran, eta horietako bat izan zen Etxebarria, baina 2008an agintean zegoen EAJk Uematik irteteko erabakia hartu zuen aldebakarrez, UDALEk (garai hartako EAJren herri kuadeaketa zerbitzua) zerbitzu hobea eskaintzen zuen aitzakiarekin. Garai hartako Etxebarriko ANVko zinegotziek hasieratik salatu zuten aldebakarrez hartutako erabaki politiko hura, eta 2008tik aurrera ere Ueman sartzeko eskaerak ez du etenik izan. EH Bilduk, bere sorreratik, 2011tik, urtero eraman izan du gaia udalera, udal aurrekontuetan Ueman sartzeko proposamena eginez, eta urtero erantzuna ezezkoa izan da, baita azken udal aurrekontuen onarpenean ere.
Otsailaren bukaeran, ordea, bilera batean, Ueman sartzeko proposamena mahai gainean jarri zuen EAJko udal taldeak, eta jarrera aldaketa honek asko harritu bagaitu ere, asko pozten gara hainbat urtetako borroka eta eskaerak fruitua eman dutela ikusteaz.
Euskara erdigunean jarri eta herria euskaratik eraikitzea ezinbestekoa dela uste dugu, eta bide horretan Ueman sartzea aurrerapauso handia da, gure ustez. Euskara indartu nahi badugu, ezinbestekoa da herri euskaldunak batu eta bidea batera egitea, eta emango dugun pauso honek bide horretan lagunduko duela ziur gaude. Prozesu guzti horretan Etxebarriko EH Bilduk aktiboki parte hartuko du, euskarari dagokion lekua egiteko.
Bestalde, Uemak, 100 herrien langa gaindituko du aurten, eta martxoaren 25ean Azpeitiko Soreasu Antzokian egingo duen 100 udal eta hamaika gehiago ekitaldian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu herritar guztiok. Ofizialki egun horretatik aurrera izango gara Uemako kide, eta ospatzeko eguna dela uste dugu.
–Iraide Baskaran, Kepa Castillo eta Jokin Altzibar. Etxebarriko EH Bildu.