740
2016. urtean martxan jarritako asmoak gorena jo du. Baina arrakastak ez gaitu kikilduko. Kantitateak esfortzu berri bat eskatzen badu ere, kalitatea beti, izan da eta izango da erronka. Tankera horretakoak garelako. Ingurugiroaren, herriaren, baserri munduaren, gertutasuneko elikagaien, gure umeen etorkizunak arduratzen gaituelako. Sortutakoan sinesten dugulako. Eta horretan gara, seguru izan.
Guraso elkarteko elikadura taldetik habian jarri zen hura, zer esana ematen hari da gurean eta besteengan. Hezkuntza komunitatean. Izerdiz eta kemenez bide berria eraiki genuen. Lanak eta denborak, arrazoia eman digu. Jantokian diharduten 9 sukaldari, 33 begirale eta 2 arduradunen laguntzaz, gertutasunekoa eta ekologikoa besarkatzen duten 15 hornitzaileren 14.000 kilo barazki; 8.000 kilo fruta; 6.400 kilo arrain; 7.120 kilo txahal, txerri, oilasko eta untxi okel; 1.600 kilo arroz eta pasta; 3.800 kilo esneki, 1.580 kilo olia eta 13.230 ogi barra zein 1.053 arrautza dozena mugitzeko gai gara. Honela, gure jantokian egunero bazkaltzen duten 740 umetxoei eredu jasangarria erakusten diegu. Horrela, egindakoaz harro bai baina etorkizunari begira ilusioz gainezka gaude.
Hori dela eta, eskolan gertatzen dena arduratzen gaituelako, epe labur zein luzera izango ditugun erronkei aurre egin ahal izateko, makinatzen hasiak gara. Eskola osatzen duten 841 ikasleek, 598 familiek, 77 irakasle, atezain, begirale zein beste hezitzaileek Guraso Elkarte sendo baten gertutasuna, laguntza, belarri eta ahotsa behar dute. Eta hor izango gara. Beti.
1973 urtean eraiki zen Allende Salazar eskolak 1990 urtea geroztik (1.990 urtea Haur Hezkuntzan eta 1993 urtea Lehen Hezkuntzan) umeak hezteko Amaraberri sistema erabiltzen du. Kalitatea bada helburu, umeen autonomia indarrean jartzen duen sistema honek espazio berri baten beharra aldarrikatzen du. Umeen zein haien gidari diren irakasleen lan kalitatea bermatu nahi bada, eskolak behar dituen egitura berrien gainean lanean jarri beharko gara eskolaren eskariak bultzatuz. Eta gurean, lana eta partaidetza gauza bera dira. Komunitatea osatzen dugun denon arteko hausnarketa bateratutik sortzen dena, maila goreneko balioa duelako.
Egiturek, espazioa eraldatu eta ikasle, irakasle, gurasoen hartu-eman hori baldintzatzen dute. Baina ez hori bakarrik, egitura horren kanpo baina aldamenean direnengan ere inpaktua sortzen dute. Horregatik, eskola, guraso elkarte, udal eta aldameneko auzoek zeresana izan behar eta izango dute bide berri honetan. Duda barik, zuekin izango gara.
Erronka potoloa bada ere, etorkizuna gurea da. Eta gure seme-alaben mesedetan egiten den guztia neurtzerik ez dagoenez, martxan gara!